Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Herria bizi mantentzea nahi dugu"

Irati Saizar Artola 2019ko urr. 3a, 19:58

EH Bilduko udal talde berria «prest» dago datozen lau urteetan lanean aritzeko; buruan dituzten proiektuak aurrera eraman nahi dituzte.

Ekainetik hona, udaleko funtzionamendua nolakoa den ezagutzeko aukera izan du Igor Zapirainek (Tolosa, 1975). «Gogoz eta erronka berriari aurre egiteko asmotan» dagoela dio.

Udal hauteskundeetan EH Bilduren boto kopuruak gora egin zuen eta EAJrenak behera. Zer hausnarketa egin duzue?

Aurreko lau-zortzi urteetan egindako lan onaren isla da, alde batetik. Beste aldetik, berriz, talde guztia berria gara, baina aurpegi ezagunak gara herrian, hainbat eragileetan ibilitakoak, bai Ikastolan, bai kultur eragileetan. Horrek ere bere eragina izan duela uste dugu.

Hilabete batzuk badaramatzazu alkatetzan. Zer moduz hasi zara?

Nahiko hilabete arraroak izan dira. Ekainean hartu genuen kargua, eta uztailean eta abuztuan, txandaka, oporrak izan ditugu, eta normaltasun bat lortzea kosta egin zaigu, baina bagoaz pixkanaka.

Maila pertsonalean , nola daramazu kargua?

Aldaketa ikaragarria izan da niretzat. Enpresa batean egiten nuen lan, eta kanpotik begira ez nuen uste horrelako munstroa izango zenik.

Herritarren parte hartzearekin jarraituko duzuela aipatu zenuten kanpainan. Nola egingo duzue?

Dagoeneko horretan ari gara. Aurreko agintaldian plan orokorra onartu zen, eta horrek herriko zenbait gunetan etxebizitza berriak egitea ahalbidetu zuen. Orain, herri galdeketa bat egin dugu, jakiteko jendeak zer-nolako etxebizitzak nahi dituen.

Parte hartzea bestelako proiektuetarako ere baliatuko duzue?

Bai. Adibidez, herri sarrera hankaz gora daukagu, eta beste zenbait eragilerekin batera ikusi nahi dugu zer egin daitekeen. Guk ideia batzuk dauzkagu, baina herritarrekin konpartitu nahi ditugu, zer-nola moldatu dezakegun gunea.

Datozen lau urteetan zein izango dira proiektu nagusiak?

Lehendik datozen proiektuak amaitzen ari gara, eta horrez gain, gazteen dinamizazioarekin ere jarraitu nahi dugu, jubilatuen etxeari ere buelta bat eman nahi diogu, indartzeko, eta bestalde, gazteentzako etxebizitza planak, Hazi eta hezi proiektuaren jarraipen zehatz bat, eta, tira, herria bizi mantentzea nahi dugu.

Apatta Errekako bigarren fasea ere martxan duzue. Zein puntutan aurkitzen da?

Aurrera goaz, pixkana. Orain beste betelan batzuk ere egin behar dira. Tramiteak luzeak izaten dira horrelakoetan, eta apurka egingo dugu. Ondo bidean, ea 2021 ingururako pabiloiak ikusteko moduan garen.

Datorren urterako baduzue proiektu nagusirik eskuetan?

Proiektu nagusi bezala, aurreikusita genuen kiroldegiko teilatua berritzearena; hori egingo dugu.

Aparkalekuekin zerbait egiteko asmorik baduzue?

Denentzat aparkatzeko lekua izatea oso zaila da. Baina, adibidez, Zumetako berotegiak zeuden leku horretan 38 autorentzako aparkalekua jarriko dugu urtea bukatu aurretik. Plan orokorrak ahalbidetu egin du gune ezberdinetan parking gehiago jartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!