Bizi Nahi-ko edaritegia, jabe berrien zain

Irati Saizar Artola 2019ko urriaren 2a

Beste kudeatzaile bat aurkitu bitartean, itxita egongo da Bizi Nahi elkarteko edaritegia; berehala hasiko da esleipenekin Ibarrako Udala.

Erretirodunen elkarte bat izateaz gain, edaritegi eta jatetxe zerbitzua eskaintzen duen lekua ere bada Bizi Nahi elkartea. Une hauetan, ordea, hori kudeatzen ari zenak utzi egin du, eta beste bat aurkitu artean itxita egongo da taberna eta jatetxe zerbitzua.

Ibarrako Udalak aurreratu duenez, datozen asteetan aterako dute lehiaketara lokala. «Tramiteak luzeak izaten dira eta oraindik ezin dugu deialdia egin; hala ere, zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartzeko interesa dutenek proiektua prestatzen has daitezela nahi dugu», azaldu dute. «Azpiegitura egokiak ditu bai edaritegiak eta baita jatetxeak ere, eta zerbitzuari ekiteko aukera oso onak eskaintzen dituen gune eta testuingurua ditu», gaineratu dute.

Beraz, interesa dutenek informazioa eskuratzeko aukera izango dute udal bulegoetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!