Naia Amondarainek "asko gozatu" du Munduko Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 30a, 19:58
Argazkiak: PhotoGomezSport

Atzo amaitu zen Yorkshiren (Ingalaterra) Munduko Txirrindularitza Txapelketa. Ibartarrak bi lasterketa korritu zituen, junior mailan. Erlojupekoan 36. amaitu zuen eta errepidean, 40.

Erlojupekoan 36. egin ondoren, errepideko lasterketa geratzen zitzaion Naia Amondaraini. Ostiralean lehiatu zen lasterketa eta ibartarra 40. iritsi zen helmugara. "Lasterketa azkarra eta gogorra izan da. Gogorra kilometro kopuruarengatik. Ez gaude distantzia horietara ohituta, eta gainera, Munduko Txapelketa batetako mailarekin, erritmo nahiko altuan joan da", esan zuen etxerako bueltan Amondarainek. Hala eta guztiz, sentsazio onak izan zituen ibartarrak lasterketaren lehen zatian: "Erorketa asko izan dira. Lehen zatian ondo sentitu naiz eta aurrean joan naiz, ondo kokatuta. Horregatik erorketak ekiditea lortu dut. Lasterketaren bigarren zatian sentsazio hain onak ez ditut izan. Hala eta guztiz ere aurrean joan naiz, baina 4 kilometroren faltan erorikoa izan da eta lurrera erori ez banaiz ere, hanka jarri behar izan dut. Tartea zabaldu da hor eta bigarren multzoan geratu naiz. Azken kilometroak oso gogorrak ziren eta hautsita iritsi da bigarren multzo hori".

Denak batera iritsi izan balira, 40. postua hobetzeko aukera izango zuen ibartarrak, edo ez. Moztuta geratzearen pena zuen arren, Amondarain gustura zegoen Munduko Txapelketako esperientziarekin. Errepideko lasterketan, adibidez, "asko gozatu" ondoren iritsi zen helmugara. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!