Galtzakomik martxan dago

Irati Urdalleta 2019ko ira. 27a, 15:59

Azaroaren 25era arte irekita dago lanak aurkezteko epea. Galtzaundiren egoitzara joanda edo postaz bidali daitezke.

Aurten ere Galtzakomik komiki lehiaketa antolatu du Galtzaundi euskara taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean. Aurtengoa, 12. edizioa izan da eta 2019 Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea denez, desagertzeko arriskuan dauden munduko jatorrizko hizkuntzen aldarrikapena egiteko baliatu nahi dute.

Hala ere, gaia librea izango da, baina hamasei urte bitartekoen lanek desagertzeko arriskuan dauden munduko hizkuntzen egoerak oinarri izan beharko dituzte, esaterako, bizikidetza, nortasunaren aldarrikapena ingurune eleaniztunean, kulturartekotasunaren aberastasuna...

Komikien gaiez aparte, bete behar dituzten gainerako baldintza guztiak www.galtzaundi.euswebgunean daude. Lanak Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan aurkeztu beharko dira edo postaz Galtzaundi elkarteak Tolosako Nafarroa etorbideko 6. zenbakian duen egoitzara bidali. Atzo zabaldu zuten horretarako epea eta azaroaren 25era arte egongo da irekita.

Aurkezten diren lan guzti horiek ikusteko aukera ere egongo da, abenduaren 13tik 20ra, Ibarrako kultur etxean. Sari banaketa ere bertan egingo da, abenduaren 13an, 19:00etan.

Lehiaketa hiru multzotan banatuta egingo da. Alde batetik, hamabi urtetik beherakoak daude. Maila horretako lehenak 100 euro eta komiki bilduma jasoko ditu eta bigarrenak, komiki bilduma eta marrazketarako materiala. Hamahiru eta hamasei urte artekoen mailan, lehenengo saridunak 200 euro, marrazketa materiala eta komiki bilduma jasoko ditu. Bigarrenak, berriz, 100 euro eta komiki bilduma. Gainera, bi maila horietan, bosna aipamen ere egingo dituzte eta komiki bilduma jasoko dute. Maila bakoitzeko Ibarrako komiki onenei, berriz, opari txekea eta komiki bilduma emango dizkiete. 17 urtetik gorakoen artean, lehen sarituak 700 euro eta bi lagunentzako afaria jasoko ditu eta bigarrenak, 300 euro eta bi lagunentzako afaria.

Ibarrako Kultura zinegotzia den Nagore Zubillabak azaldu du hamabi urte igaro direla Galtzaundi euskara taldeak Galtzakomiken aurkezpena egin ziola Ibarrako udalari eta euskara sustatzeko ideia ona iruditu zitzaiela beraiei. «Ez genuen uste horrelako arrakasta izango zuenik, baina, gaur egun, erreferente bat bihurtu da komikigintzan», baieztatu du Zubillagak. Gaineratu du urtetik urtera gero eta partaide gehiago dauzkala eta oso gustura daudela.

Galtzaunditik ere azpimarratu dute, urtetik urtera arrakasta handiagoa edukitzen ari dela Galtzakomik eta datuek ere hori baieztatzen dute. Izan ere, adibidez, iaz 200 lan aurkeztu ziren. Orduan, Euskaraldiaren testuinguruan egin ziren lan guztiak, gaia horretan zentratu nahi izan zutelako. «Modu horretan, komikia landuz, Euskaraldiak emango zuen hori beraien eskuetatik jasotzeko modua izan zen», esan dute. Aurten, berriz, Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea delarik, aprobetxatu nahi izan dute lanak gai horretan kokatzeko.

Lana aurkezteko epea irekita dagoenez, atzo aurkeztu zieten egitasmoa herritarrei. Horretarako, Asisko Urmeneta irudigilearen laguntza ere eduki zuten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!