Ibarrako Gaztezulo ere prest da ikasturte berriari ekiteko

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 24a, 08:57

Izena eman baino lehen ate irekiak egingo dituzte, zerbitzua barrutik erakusteko; ikasturtea urriaren 8an hasiko da.

Ibarrako gazteak elkartzeko guneak, Gaztezulok, prest du ikasturte berria. Urriaren 8a izango dute ikasturteko lehen eguna, baina, aurrez, izena eman beharko da. Ezagutzen ez duenak, gainera, ate irekietan aukera izango du funtzionamenduaren eta lekuaren berri izateko.

Ostegunean egingo dute lehen ate irekien saioa. LH 1etik 6ra bitarteko ikasleentzat izango da 16:30etik 19:30era. DBH 1etik aurrerako ikasleek, berriz, ostiralean izango dute aukera, ordu berean. Eta bihar bertan informazioa emateko bat egingo dute gurasoekin, 19:00etan, Gaztezulon.

Izena eman nahi duenak, eskuorri bat bete beharko du, eta udaletxean, udaletxeko webgunean, kultur etxean edota Gaztezulon izango du hori eskuratzeko aukera. Orri hori bete eta bi egunetan izango da entregatzeko aukera: irailaren 30ean eta urriaren 1ean, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, Gaztezuloko lokalean, Azkue 9 zenbakian.

Gaztezulon zer egiten den galdetzen duenarentzat badute erantzuna antolatzaile lanetan dabiltzanek: «Egoteko espazio bat eskaintzen dugu; tailerrak, jolasak eta irteerak egiten ditugu, oporraldietan eskaintza bereziak egin eta herriko dinamiketan parte hartzen dugu… Bestalde, haur, nerabe eta gazteen motibazioetatik abituz, beraien gaitasunak landu eta berriak eskuratzeko espazioak eskaintzen ditugu, herriko parte hartzaile aktibo bilakatzen saiatuz».

Arratsaldeak adin tarteka antolatzen dituzte, eskaintzen diren programazioa eta dinamikak adin tarteetara egokituz. Horri begira, taldeak osatzeko zozketa egingo dute urriaren 3an, 18:00etan, kultur etxean.

Taldeak osatuak egon bezain pronto, taldeen osaketen taulak udaletxe sarreran zintzilikatuko dituzte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!