Goiko postuak jomugan

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 20a, 19:58
Bigarren B mailako Lauburu Ibarraren partaideak.

Lauburu Ibarrak ligan igoera faserako sailkatzea du helburu, eta Errege Kopan lehen kanporaketa gainditzea.

Sendo hasi du denboraldia gizonezkoen Lauburu Ibarra areto futboleko taldeak. 6-0 irabazi zuen etxean, Belabietan, Juventud del Circulo taldearen aurka. «Ondo hastea garrantzitsua denez, hiru puntuak lortuta, ezin hobeto», esan du Aitzol Oiarbide kapitainak. «Guk gure erritmoa jarri genuen, bagenekielako, beraiei utziz gero, arriskutsuak izan zitezkeela. Golak pixkana etorri ziren, lehen zatia 3-0 bukatuz, eta bigarrengoan beste hiru golak sartuz».

Bigarren B mailan aritzen da Lauburu, eta taldea mantentzea lortu dutela nabarmendu du Oiarbidek. Denboraldi honetan ere goiko postuetan egotea dute helburu: «Gainera, aurten aldatu egin dute sistema. Aurretik sailkapeneko lehenengoak jokatzen bazuen igoera fasea, orain lehenengo laurek jokatuko dute. Beraz, helburua igoera faserako sailkatzea da». Azken bi urteetan lehen hiru postuen barruan sailkatu da Lauburu, Errege Kopa jokatzeko aukera izanik, eta denboraldi honetan ere argi dute bere lekua goiko postu horietan egotea dela.

Aldaketa izan da jokatzen duten multzoan, eta Valentziako taldeak ez dituzte aurkari izango. Bestalde, Guardo Deporcyl izeneko Palentziako talde bat sartu dutela gogora ekarri du Oiarbidek: «Badakigu, hor aurrean izango da, jokalari oso onekin, eta maila handia emango du. Orokorrean, maila oso antzekoa izango da. Talde batzuk ondo indartu dira, eta azpialdetik badira gerra emateko gai direnak».

Errege Kopan ere aldaketak

Aurten, iaz bezala, Errege Kopa jokatuko dute Lauburukoek. «Aurreko urtean egindako lanaren emaitza da. Aurten aldaketak ere izan dira, eta azkenean lehen bostak sartu dira kopan. Badirudi Bilboko Otxartaberen aurka jokatuko dugula, eta urriaren hasiera aldera izango dela partida. Datorren astean konfirmatuko digute». Kanporaketa partida bakarrera jokatzen da, eta aurreko denboraldian postu okerrago batean bukatu zuenaren etxean. Beraz, Otxartaberen aurka jokatuz gero, Bilbon izango dute partida. Kanporaketa gaindituz gero, bigarren mailako talde baten aurka jokatuko lukete. «Aurreko urtean izan genuen esperientzia hori aprobetxatzeko aukera, eta ea aurtengoan ere posible den».

Hiru aurpegi berri izango dira Lauburun: Endika Uribe, Jorge Sanchez eta Xabier Juaristi. Taldea utzi dutenak, berriz, Joseba Balerdi, Zuhaitz Garmendia eta Jon Garmendia izan dira.

LAUBURU IBARRAKO PARTAIDEAK

Iñaki Peña. Ibarra, 1998. Atezaina.

Andoni Agirrezabala. Ibarra, 1998. Ezker atzelaria.

Andoni Zumeta. Tolosa, 1992. Hegalekoa-aurrelaria.

Aitzol Oiarbide. Ibarra, 1990. Unibertsala.

Xabier Juaristi. Tolosa, 1994. Atzelaria-hegalekoa.

Oihan Karlosena. Ezkirotz, 1997. Hegalekoa.

Andoni Karlosena. Ezkirotz, 1994. Atzelaria-hegalekoa.

Javi Saldise. Irurtzun, 1992. Hegalekoa-aurrelaria.

Endika Uribe. Tolosa, 1988. Atezaina.

Dani Garcia. Iruñea, 1996. Atzelaria-hegalekoa.

Jorge Sanchez. Zarautz, 1993. Atezaina.

Beñat Aldalur. Tolosa, 1997. Hegalekoa.

Oier Goikoetxea. Belauntza, 2002. Hegalekoa.

Alvaro Alonso. Alegia, 2001. Hegalekoa.

Alfredo Hualde. Iruñea, 1976. Entrenatzailea.

Aitor Andres. Ibarra, 1987. Ordezkaria eta fisioterapeuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!