Etxebizitzen inguruan galdezka

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 13a, 10:35

Ibarrako Udalak herritarrak herrian bertan bizitzen geratzeko ahaleginari ekin dio, galdetegi baten bidez.

Etorkizunean egungo herritarrak Ibarran bertan bizi daitezen nahi du udalak. Herritarren asmoen berri jakin nahian, galdetegi bat banatuko dute, etxez etxe, asmo eta iritziak jasotzeko.

Urteak dira Ibarran etxebizitzarik eraiki ez dela. Igor Zapirain Ibarrako alkateak azaldu duenez, «arauek uzten ez zutelako ez da eraiki etxebizitza berririk azken urteetan; 1991. urtean onartu zen, azkenekoz, lur sail batzuk garatzeko araua, eta ordutik ez da lur sail berririk eduki, etxebizitzak eraikitzera zuzenduta».

Plan orokor berria onartu ondotik etorri da etxebizitza berriak egiteko ahalmena. Hori horrela, lehendabizi, herrian dauden behar eta nahiak ezagutzeari ekin dio Ibarrako Udalak, galdetegi baten bidez.

Herriko etxebizitza plana egiten hasteko lehenengo pausoa galdetegia banatuz egin dutela azaldu du Zapirainek. Garrantzia eman dio herria indartzeari: «Ibarrarentzat oso garrantzitsua da bertako herritarrak herrian bertan bizitzen geratzea».

Ibarran etxebizitzen inguruan zein eskari dagoen eta herrian geratu nahi duten horiek zer nolako etxebizitzak behar dituzten ezagutu nahi dutela azaldu du, Itziar Agirrezabala udal arkitektoak: «Alokairuan edo jabegoan nahi duten, babes ofizialeko etxebizitzak, etxebizitza tasatuak edo libreak, pisuen ezaugarriak, zer nolako aukera ekonomikoa duten, etxebizitzaren salneurria edo alokairuaren gehienezko prezioa zein den, izan ere, etxebizitzara diru sarreren %30 bideratzea gomendatzen dute, gehienez».

Beharrak ezagutzeaz gain, herriko zein gune edo zonaldetan bizi nahiko luketen ere ezagutu nahi dute, galdetegi bidez. Izan ere, plan orokorraren bidez, zehaztuta dituzte zein kokalekutan egin daitezkeen etxebizitzak: Ibarrako mendebaldeari dagokionez, Gurutzeagan, Elduaran behekoan eta Eludaran goikoan; ekialdeari dagokionez, berriz, Eskuxarre markoranen, Ibaitegin, Ibaigain 6an, Argindegi 4an eta Toki onan.

Agirrezabalaren esanetan, «herrian ondo kokatuta dauden lurzoruak dira guztiak; batzuk eraikuntza berriak izango dira eta beste batzuk ordezkapenak, lehen daudenak eraitsi eta berriak eraikitzea baita asmoa».

Galdetegia betetzeko azken eguna irailaren 30a izango da, eta Benito Izagirre kultur etxean edo udaletxean entregatu beharko da. Herritarrek nahiago balute, ordea, www.ibarra.eusweb orrian inkesta online betetzeko aukera zabalik dagoela jakinarazi du Javier Telleria Tolosako Plazatik Kooperatibako arkitektoak. Datu pertsonalak jarri beharrik ez dagoela azaldu dute, anonimoak izan daitezkeela. Etxeetan jasotzeaz gain, herriko beste hainbat puntutan egongo dira eskuragarri.

Datu guztiak biltzean, azterketa bat egiten hasiko direla azaldu du Telleriak. «Aurrera begira, lehentasun batzuetan oinarrituz etxebizitza eraikitze plan bat egingo dugu», zehaztu du.

Ibarrako Udalak herritarrei deialdia egin nahi izan die, galdetegiak bete ditzaten. «Euren nahiak entzun nahi ditugu, eta benetako beharretan oinarritutako proposamen bat egin nahi dugu», esan du Igor Zapirainek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!