Berrikuntza ugarirekin dator Ibarrako azoka berezia, igandean

Irati Saizar Artola 2019ko ira. 12a, 11:59

Ibarrako XX. azoka berrikuntzekin dator: besteak beste, Arane baserrira bisita, 'show cooking' erakustaldia eta 'piperboom' desafioa antolatu dituzte.

Hogei urte daramatza Hauspoa elkarteak Ibarrako Azoka Berezia antolatzen, Xepla elkartearen laguntzarekin. Euskal Herria kalean jartzen ziren postuak bere hastapenetan, eta herriko gune ezberdinetara zabaldu da azken urteetan. Aurten ere, Emeterio Arrese parkean, San Bartolome plazan eta Arane iturri inguruetan prestatuko dituzte guneak.

Igande honetan azoka gune bilakatuko da Ibarra, eta beste urte batez, protagonista nagusia bat eta bakarra izango dute: Ibarrako piperra. Azoka horretan, bertako produktuak erosteko eta ikusteko aukeraz harago, hainbat lehiaketa ere antolatzen dituzte piperraren bueltan: Ibarrako Piperraren Euskal Herriko Lehiaketa Gastronomikoa egiten dute, batetik, Euskal Piper Topaketa, bestetik, eta Tolosaldeko Ezti Lehiaketari ere egiten diote lekua.

Hogei urte daramatzate azoka antolatzen, eta antolatzaileek esan dute urte kopuru horrekin azoka «egonkortu» egin dela, «egonkortu bai, baina ez da geldirik geratu, urtero legez, berrikuntzak izango baititugu». Berrikuntzen artean, Arane baserrira bisita, show cookingerakustaldia eta piperboomdesafioa izango dituzte.

Arane baserrira egingo den bisita gidatuan, baserri horretan sortu duten piper gorriaren hautsa ezagutu eta piperraren ekoizpenaren berri izango dute bertaratzen direnek. Aurrez izena eman beharko da aranebaserria@gmail.com helbidean.

Bestetik, show cooking erakustaldia eskainiko dute Emeterio Arrese parkean, 12:15ean. Piperrak sukaldean eduki litzakeen aukera ezberdinen berri emango dute saio horretan.

Azken berrikuntza gisan, piperboom desafioan parte hartzera bultzatu nahi dituzte herritarrak; 13:30ean izango da, hau ere, Emeterio Arresen. Desafio horretan, bost minutu izango dituzte parte hartzaileek ahalik eta piper gorri gehien jateko. Lehiaketak irauten duen bitartean, ezingo da edaririk eta janaririk kontsumitu. Berdinketarik balego, lehiakide bakoitzak piper bat zenbat denboran jaten duen neurtuko dute antolatzaileek. Kontuan hartu beharko da, piperrak pikanteak izango direla.

LEHIAKETAK

Ibarrako piperraren Euskal Herriko Lehiaketa Gastronomikoa, ikusmin handia sortzen duen ekitaldietako bat da, eta Euskal herri mailan geroz eta ezagunagoa egiten ari da. Aurten, hamabosgarrenez jokatuko da. Lehiakideek Ibarrako piperraz egindako sei pintxo aurkeztu beharko dituzte, hotzak zein beroak. Piperra osagai nagusia izanik, sormenari tartea eskaintzeko momentua izango da, izan ere, horiez gain, zortzi Ibarrako Gilda prestatu beharko dituzte, ozpinez onduta eta txotxean sartuta.

Epaimahai lanetan, Roberto Ruiz, Matias Gorrotxategi, Sonia Tapia, Juanjo Mendiroz eta Hilario Arbelaitz arituko dira.

Azokaz gain, piperraren elkarguneetako bat Ibarra izatea nahi dute antolatzaileek: «Garrantzitsua deritzogu Euskal Herrian ekoizten diren piper desberdinak jendeari erakustea». Hori horrela, azoka eguna aprobetxatzen dute Euskal Herriko hainbat piper ezagutzera eramateko. Euskal Herriko Piperraren X. topaketaren helburua da hori, eta Ibarrako piperrez aparte, Gernikakoa, Ezpeletakoa, biper eztia eta pikilloa ezagutzeko aukera egongo da.

Horiez gain, eta piperretatik urrunduta, Tolosaldeko XXII. ezti lehiaketa jokatuko da, eta erlea, erlezaintza eta erlauntza materialen erakusketa ere jarriko dute.

HIRU GUNE

Guneei dagokienez, bi lehiaketak eta topaketa Emeterio Arrese parkean izango dira, eta Ibarrako baserrietako produktuak ere bertan dastatzeko eta erosteko aukera egongo da.

Abereek ere izango dute euren lekua. Arane iturriaren inguruan jarriko dituzte ikusgai.

Hirugarren gunean, San Bartolome plazan, artisauek eginiko lanak, argazki eta pintura erakusketak eta beste izango dira. Horien artean, papera eskuz egiteko tailerra eskainiko du Marino Ayala ingeniari teknikoak, batetik, eta bestetik, Aita Mari itsas salbamendu humanitarioko kideak bertan izango dira mediterraneoan egiten duten lanari buruzko informazioa zabaldu eta euren lana finantzatu ahal izateko materiala saltzen.

Azoka eguna borobiltzeko, San Bartolome plazako estalpean bazkari herrikoia egingo dute. Txartelak salgai daude 25 euroren truke Galtzaundin, Atarin, Txumitxan eta Danon Txokoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!