Ezin dugu ulertu bidegabekeria hau eta, gutxiago, gaur egun Euskal Herrian bizi dugun egoeran. Nola azaldu gure ikasleei eta, tartean, zuen seme Aitzoli, berriz kartzelara joateko arriskuan zaudela? Aita 15 urtez espetxeratua izan daitekeela? Zazpi urte dituen haurrak 22 urte bete arte, agian, ez duela aita berriz etxean izango? Nola esan pertsona batek, beharrean dauden beste batzuei laguntzeagatik, zigorra jasan dezakeela? Irakasle garen heinean, gure egunerokoan, ikasleei transmititzen diegun balore garrantzitsuenetako bat, hain zuzen ere, horixe denean: elkar laguntzea. Nola esplikatu erokeria hau? Nola ulertarazi justiziak ez gaituela denok betaurreko berdinekin begiratzen?
Askotan, eta zuk idatzitako artikuluan ondo zenion moduan, zein zaila egiten den haur bati horren egoera aldrebesa eta zinez konplikatua azaltzea. Ez baitago galdera zailik, zailak erantzunak izaten dira.
Haserretzen gaituzte, behin eta berriz oztopoak jarri eta gure herrian aurrera egiten uzten ez diguten horiek guztiek. Mintzen gaitu, gure gertuko familiak hausten eta haurrak sufritzen ikusteak. Eta ez, ez dugu bat gehiago onartuko! Ez dugu motxiladun haur bat gehiago nahi!
Elkartasunezko baloreak dituen gizarte justu batekin amesten dugu, denontzako berdina dena, eta etorkizun baketsua nahi dugu gure ikasleentzat. Ez dugu injustiziarik sekula onartuko eta, horregatik, ozen diogu: MAKRO EPAIKETARIK EZ! Animo Ion, gure artean nahi zaitugu!
Besarkada estu bat Ion Mintegiaga, Oihana Lopetegi, Aitzol, Hegoa eta bere senitarteko guztiei. Zuekin gaude!