Ibarrako jaiak 2019

Azken kartutxoak kuadrillan erretzen

Irati Saizar Artola 2019ko abu. 25a, 13:46

Blusa jantzi edo gerrian lotu eta kuadrilla eguna ospatzera atera dira kalera ibartarrak; gaur dute San Bartolome jaietako azken eguna.

Indarrik baldin badute gordea, gaur dute demostratzeko eguna ibartarrek. Asteazkenean hasi zituzten jaiak, eta azken egunera iritsi dira dagoeneko. Ez dute, ordea, egunik makalena: kuadrilla eguna ari dira ospatzen.

Eguerdiko kanpaiak jo bezain pronto kuadrilla berriari ongietorria egin diete plazan: Beldurripe izena duen lagun taldea oholtzara igo da, eta haiek izan dute ardura txupinazoa botatzeko. Horren ostean, irailaren 16an egingo den makroepaiketaren harira, Minde ibartarraren eta Kudu elduaindarraren aldeko brindisa egin dute. Xanpaina dastatu ondoren kalejiran ibili dira herriko kaleetan barrena Bonberenea txarangarekin eta Giroarte dultzaina taldearekin batera.

Aurten ere, ohiturari jarraituz, Piperrak kuadrillak sukalde ibiltaria atera du kalera eta tomate eta piperren pintxoak prestatu dituzte herritarrei banatzeko. Horiez gain, Sardinerak ere ez dira atzera begira geratu; parrilarekin sardinak erre eta guztiek dastatzeko aukera izan dute. 

Egun luzea dute aurretik Ibarrako kuadrillek. Ikusi hemen egitaraua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!