Ibarrako jaiak 2019

70 kilo piper, erromesaldi gastronomiko batentzat

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 24a

San Bartolome eguneko usadioari eutsiz, ehunka ibartar elkartu dira herriko plazan, piperrak eta tomatea dastatzeko; 70 kilotik gora piper prestatu dituzte sukaldariek.

Abuztuaren 24a ospatzeko hamaika modu izango dira, baina modu horiek guztiek bat egiten dute bidean: Ibarrako plazan. Urteroko moduan, Ibarrako piperrak eta tomatea dastagai izan dira gaur ere eta, hitzordua baino lehen ilara luzeak osatu dituzte ibartarrek, jaiak dastatzeko plateren bila. Eguzkiaz babesteko, ilaran aterkia baliatu duenik ere izan da.

Udaletxe aldameneko aterpea izan dute sukalde, eta erromesaldi gastronomikoari ekiteko 70 kilotik gora piper prestatzekoak zirela azaldu du sukaldarietako batek; horiek amaituko balira, gehiago ere baziren prest.

Mokadutxoa egiteko garaiak bat egin du haur danborradaren amaierarekin eta, eguraldia irribarrerik handienarekin zutela, festa-argazki idiliko bilakatu da Ibarrako plaza. Eguna handiak, ordea, ez dira oraindik amaitu: gaur hitzordu zerrenda dute, eta bihar kuadrilla eguna ospatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!