Ibarrako jaiak 2019

Herria piper jatera deitu dute gaztetxoenek, danbor eta makil hotsez

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 24a

Festetako hitzordu garrantzitsuenetakoa izan ohi da, San Bartolome eguneko haur danborrada, haur ibartarrentzat; Euskal Herria kalea behetik gora zeharkatu, eta plazan amaitu dute ibilbidea.

Ibartarrak ohituak daude sanbartolomeak euritan pasatzen, baina, momentuz, aurtengoek arrazoi gehiago eman dizkiete itzal bila trebatzen hasteko. Eta, bide horretan, haur danborrada itzalari erronka botatzeko bidea izan da, 11:30ean, hasita, Euskal Herria kalean gora.

Dantzariek ireki dute bidea, eta ura lagun izan dute, dantza-jauziak eguzkiarekin uztartu ahal izateko. Atzetik, haur gazteenak lehenengo, eta adinaren arabera antolatutako gainerakoak, ondoren, taldetxotan. Eta, erdian, sanbartolomeei soinu banda jarriz ari den Iraunkorrak txaranga.

Makin, danbor eta barril hotsez herria piper jatera deitu eta gero, plazan amaitu dute 2019ko danborrada, konfeti eta serpentina artean.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!