Elkarte atarian jarria zuten hitzordua eta, eguerdi aurreko eguzkitan, hamaiketakoa eginez harrapatu ditu orduak, Hauspoa Kultur Elkarteko kideak. Festetarako prestatutako kale antzerkia erakusteko eguna zuten gaurkoa, eta dozenaka ibartar behar izan dituzte taldean, horretarako.
Ezertan hasi baino lehen, antzerkiko kideei nahiz hasterako ingurua zituzten ikusleei eskuorriak banatu dizkiete. Izan ere, antzerkiarekin eskutik joan dira, gaur, obrarako aukeratu eta egokitutako bertsoak ere.
Horrela, Euskal Herria kalearen hasieran osatu dute lehenengo esketxa, eta iradoki, karlismo garaian soldaduskara joateko deitu zituzten herritarren bueltakoa izango zela aurtengo antzezlana. Kale berean gora egin dute gero, eta Txumitxa parean eskaini dute bigarren saioa, handik iturrira lekualdatu, eta hitzordua plazan bukatzeko.
Hona hemen, ibilbidean barrena kantatu dituzten bertsoak:
Ez naiz soldadu joango
1.
Orain artean ni izandu naiz,
aitona, zure nagusi,
errenta txintxo pagatu dezu
zere kapoi eta guzi;
zu baiño gizon umillaguak
ez ditut asko ikusi,
orain etxea saltzera goaz
nahi bazenduke erosi.
Zer familia izandu degun
andre nai al du aditu?
Amabi aurren aita naiz ni ta
semiak amar baditu,
lan egiteko iñor gutxi ta
maiean ezin kabitu
baneukake non enpleatua
bost mila duro banitu.
(Txirrita)
2.
Ta Jaxinto, ta Jaxinto,
Gosebide baserrikoa.
Entierroa nahi du e(g)itea
niri lenengo klasean,
lau nekazarik eramatea
gainera berriz airean,
bertso zarrak kantatuz
herriko kalean,
topa eginez, lasai,
taberna parean,
ta plazako zubian
azken-azkenean,
ardoa eta piparrak
kajaren gainean.
Ta Jaxinto, ta Jaxinto,
Gosebide baserrikoa.
(Ibarran moldatua)
3.
Urtea joan, urtea etorri,
gainera garai berrian,
berriro ere festa ederrak
baditugu Ibarrian,
zaleturikan gaztedi dena
indartsu eta umorian,
ahal den ondoen pasa guztiok
alaitsu eta pakian.
Akordapen bat beti behar da
iritsi dadin argia,
bere bitartez izan dezagun
merezi dugun saria,
Bartolo dugu guk, ibartarrok,
gure jaun eta zaindaria,
egun horretan egin zaiogun
merezi dun eskaria.
Baita ere festa eder askoak
ipini ditu herriak,
poz hoberikan ezin lezake
hartu gure gaztediak,
gau eta egun ordu guztian
soinu alai eta egokiak,
penarikan izan ez dezaten
etortzen diren guztiak.
Izan gaitezen, bada, guztiok
inorentzat atseginak,
kalterik ez du izan sekula
inori ondo eginak,
lur lanean aritu direnak
egin dituzte ahaleginak,
denok etorri, ba, Ibarrera
jatera piper ozpinak.
(Eusebio Ezeiza)