Ibarrako jaiak 2019

Eraso sexistarik gabeko jaien alde egin du Ibarrako Udalak

Irati Urdalleta 2019ko abuztuaren 22a

Alde batetik, eraso sexisten aurkako telefonoa martxan dagoela gogorarazi dute. Beste aldetik, larunbat gauean, eraso sexistarik gabeko gunea jarriko dute txosna ondoan, 00:00etatik 3:00etara.

Eraso sexistarik gabeko festak nahi dituzte Ibarran. Horretarako, hainbat baliabide jarri dituzte udaletik. Alde batetik, eraso sexisten aurkako telefonoa martxan egongo da festek iraun bitartean. 688 717 445 da telefono zenbakia eta beste aldean, laguntzeko prest dagoen pertsona bat egongo da. Babesa ematea eta laguntzea du helburu, erasoaren ondoren jarraitu daitezkeen pausoen berri emango du eta, batez ere, erasoa pairatu duen pertsona bakarrik ez sentitzeko ahalegina egingo da.

Bestetik, 24 gauean, 00:00etatik 3:00etara eraso sexistarik gabeko gunea jarriko da, txosnen ondoan. Herritarrek jaietan indarkeria sexistaren inguruan dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzeko gunea izango da. Bertan, indarkeria sexistari aurre egiteko bitartekoen informazioa egongo da eta autodefentsa feministaren filosofiaz jarduteko aholkularitza emango da. Babes lekua eta gune segurua izango dela ere azpimarratu dute. Gainera, beste hainbat helburu ere izango ditu: emakumeak eta herritarrak indarkeria sexistaren inguruan kontzientziatzea; emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea; babes eta elkartasun gunea irudikatzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea; erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartaraztea; eta emakumeak beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetzea eta horretarako bitartekoak eta lan tresnak eskaintzea.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!