Ibarrako jaiak 2019

Bartola eta Bartolorekin lehertu da festa

Ataria 2019ko abuztuaren 21a

Suziria lehertzearekin bat, Bartola eta Bartolo buru zirela, Villabonako eta Zizurkilgo buruhandi eta erraldoiekin batera kalejira egin dute herrian barrena ibartarrek.

Igandera bitarte, badute zertaz gozatua Ibarran. Eguerdian lehertu da suziria, eta bost egunetarako plaza eta herriko kaleak ireki dizkiete ibartarrek festari. Ondoren, udaletxeko balkoitik jaurti dituzten gozokiak nork lehenago lurretik jaso ibili dira gaztetxoenak, eta Ibarrako, Zizurkilgo eta Villabonako buruhandi eta erraldoiak kalejiran hasi direnean, ehunka lagunek jarraitu dute herriko kaleetan barrena egin duten kalejiran.

Suziria jaurti dutenak Ainhoa Bengoetxea eta Arantxa Rajado izan dira. Rajado eta bere lagun taldea 2002an hasi zen herriko haur eta gaztetxoek festetan leku gehiago izan zezaten lanean. Horrela hasi ziren antolatzen haur eta gaztetxoen kuadrillen eguna, tartean, bazkaria. Urte batzuen ondoren Bengoetxea ere ikasten joan zen zein ziren antolaketarako egin beharrekoak, eta beste urte luzez aritu da bere lagun taldearekin antolaketa lanetan. Aurten, ordea, azken urtea izango dute eta suziria botatzearekin batera erreleboa eman nahi izan die hurrengo antolatzaileei. 

Eguerdian, beraz, haurren eta gaztetxoek bazkaltzeko aukera izan dute San Bartolome plazan, eta hona hemen eguna amaitu bitarte eta datozen egunetan izango dituzten ekitaldien zerrenda.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!