San Bartolome egunaren bezperan, abuztuaren 23an, kale antzerkia egingo dute Ibarran, beste urte batez. Ez naiz soldadu joango izenburupean eskainiko dute emanaldi ibiltaria Ibarrako kaleetan zehar.
Hauspoa Kultur Elkarteak antolatzen du ekimena, eta herritar oro gonbidatu nahi du parte hartzera. Horretarako, abuztuaren 23an baserritarrez jantzi eta 11:00etan Idoiagara agertzeko deia egin dute. Hamaiketako batekin ekingo diote goizari eta herriko hainbat txokotan geldialdiak egin ondoren, plazan bukatuko dute ikuskizuna.
Aurten, 80 urtez egingo dute atzera, eta ohi bezala, herrian gertatutako hainbat pasadizo kontatuko dituzte. Antzezlanak oinarrian zein istorio izango duen jaietako programan aurreratu dute: Ibarrako Josefa Inazia Agirrek bere senar Jose Manuek Bazterrikari emandako baimena, Tolosako Jose Inazio Urangaren ordez soldadu joateko.
Hori oinarri hartuta, musika eta bertsoak izango dituzte lagun, eta tartean, Eusebio Ezeiza ibartarrak herriko aldizkarian 60eko eta 70eko hamarkadetan argitaratutako bertso batzuk entzuteko aukera ere izango da. Amaieran, herriko beste pertsonaia ezagun batek istorioa korapilatuko du: Isidoro Gaztañaga boxeolaria agertuko da, eta bere garaian Uzkudun boxeolariaren aurka jokatu gabe utzi zuen borrokaldia ikusteko aukera eskainiko dute antzezleek.