Ibarrako jaiak 2019

"Herritar talde batek lan asko egin du festak antolatzeko"

Irati Urdalleta 2019ko abu. 20a, 11:00

Eskualdean abuztuan ospatzen diren festa oparoenak dira Ibarrakoak. Ume, gazte zein helduek ez dute aspertzeko tarterik izango abuztuaren 21etik 25era.

Ibarrakoak dira eskualdean sona handienetakoa duten festak. Aurten ere, ekitaldiz betetako egunak dituzte aurretik gozatzeko. Nagore Zubillaga kultura zinegotziak festa parekideak, errespetuzkoak eta sexu indarkeriarik gabekoak nahi dituztela dio eta horretarako lanean aritu direla festa batzordetik eta udaletik.

Festak antolatu dituzue. Noren ardura izaten da?

Ibarran festa batzorde bat dago, urte hasieran biltzen hasten dena. Zein aurrekontu dagoen eta nolako festak nahi dituzten zehazten da eta horren arabera biltzen joaten da herritar eta eragile taldea. Beraiek hartzen dituzte erabakiak.

Ia astebeteko festak dituzue aurretik. Ez al zaizue luze egiten?

Batzuetan pixka bat bai, baina herritarrek parte hartu nahi izaten dute. Dena sartu ahal izateko bost egunak beharrezkoak dira.

Horrelako festak antolatzeak lan ugari eskatuko du, ezta?

Sartu berriak gara udalean. Nahiko osatuta zegoen dena eta azken onarpena bakarrik tokatu zaigu. Herritar talde horrek lan asko egiten du eta taldeekin edo jendearekin kontaktuan jartzen dira, festak aurrera ateratzeko.

Kultura zinegotzi izanda, zein eginbehar edukiko dituzu?

Nire aurrekoa ere bileretara joaten zen, baina ez da hainbeste udaletik bultzatzen den programa bat, baizik eta herritarrek sortzen dutena, eta guk onartu egiten dugu, ez badago kontrako ezer.

Hiru egun berezi ere edukiko dituzue: kirolarena, San Bartolome eguna eta kuadrillena.

Urtero egiten dira. Ibarra herri kirolaria da eta kirol elkarteek ere festetan parte hartzen dute. San Bartolome egun potoloa da eta Kuadrilla Eguna ere gustatzen zaigu. Horrekin biribiltzen ditugu festak, herritarrek gustura hartzen dute parte eta egun garrantzitsua da.

Adin eta gustu askotako jendearentzako egitaraua daukazue prest.

Bai, saiatu gara denentzako moduko festak izaten. Aurten, bereziki nerabe talde batzuk saiatu dira programan beraien tartea bilatzen, gauzak proposatu dizkigute eta saiatu gara beraientzat gauzak lortzen. Umeentzat ere zerbait gehiago jarri dugu eta helduentzat betiko gauzak daude, baina saiatu dira sagardo dastaketa bezalako gauza berri batzuk ere sartzen. Ikusiko dugu zein harrera daukaten. Probatzen ari gara eta ea denentzako gustukoa den.

Programa hainbat ohar zabaltzeko ere baliatu duzue.

Bai. Zezen suzkoarekin arropek nolabaiteko arrisku bat dutela esan dugu. Festa parekideak nahi ditugula aldarrikatzeko, erasoen aurkako mezuak zabaltzeko eta 47ak herrian nahi ditugula adierazteko ere erabiliko dugu programa. Gainera, larunbat gauean, sexu indarkeriaren aurkako eta drogen inguruko gunea ere egongo dira, informazioa zabalduz.

Zein ekitaldi da inork galdu ezin duena?

Nik uste dut asko daudela: gaztetxoei batzuk gustatuko zaizkie, helduagoei beste batzuk... Denetara joateko gonbidapena egingo dugu eta bakoitzak ikusiko du zein duen gustukoa. Nahiko biribila geratu zaigu programa eta gero ikusiko dugu zein den benetan merezi duena.

Aurtengo berrikuntza nagusia zein dela esango zenuke?

Berrikuntza handirik ez dago. Sagardo dastaketa da berria, soka dantzak ere urte batzuk zeramatzan galduta eta berreskuratzeko lan bat egin da, musika taldeetan ere saiatu gara berritzen eta antzerkia ere berreskuratu da. Azpimarratzekoa da aurten emakumeen pilota partida ere izango dela.

Zer esango zenieke herritarrei eta Ibarrara gerturatuko direnei?

Umore onez, errespetuz eta ondo pasatzeko gogoarekin etortzeko eta parte hartzera gonbidatzen ditugula antolatu ditugun ekitaldietan. Izan ere, gehienak parte hartzeko modukoak dira: kirolak, dantza, zezen suzkoa... Ea nola ateratzen diren, baina itxura polita daukate.

EGITARAUA

ABUZTUAK 21, ASTEAZKENA
11:30. XXXI. San Bartolome bozeto lehiaketako eta IV. Diseinu lehiaketako sari banaketa, San Bartolome plazan.
11:45. Haurren eta gaztetxoen kuadrillak plazan elkartuko dira.
12:00. Jaien hasiera: Suziri jaurtiketa haur eta gaztetxoen kuadrillen eskutik Bartola eta Bartolorekin batera.
Ondoren. Ibarrako, Zizurkilgo eta Villabonako erraldoien eta buruhandien konpartsekin batera, haur eta gaztetxoen kuadrillen kalejira herrian barrena.
Ondoren. Ibarrako Merkatarien Elkarteak eskainitako hamaiketakoa, San Bartolome plazan.
14:00. Haurren eta gaztetxoen bazkaria San Bartolome plazan, herriko gurasoen eskutik.
16:00. Haurrentzako jokoak Txiribitu Astialdi taldearen eskutik, San Bartolome plazan.
16:00-19:00. Nerabeentzako parkea, Emeterio Arrese parkean.
18:00. Ibarrako, Zizurkilgo eta Villabonako erraldoien eta buruhandien konpartsa herriko kaleetan zehar.
18:00-19:00. Sokatira lehiaketako pisaketa, San Bartolome plazan.
18:30. Sagardo dastatzea, San Bartolome plazan.
21:00. Elkartasun afaria, San Bartolome plazan.
22:30. Zezensuzkoa, San Bartolome plazan.
23:30. Ezten Giro, San Bartolome plazan.

ABUZTUAK 22, OSTEGUNA
KIROLAREN EGUNA
09:00. Diana herriko trikitilarien eskutik.
10:00. Haurrentzako 3x3 futbol txapelketa, Emeterio Arrese parkean Lauburu KE-ren eskutik.
10:30. Toka eta bola txapelketa, Emeterio Arrese parkean Ibarrako Kirol Elkartearen eskutik.
11:00. Erretiratuentzako hamaiketakoa, Bizi-Nahi elkartean.
11:00. Haur eta gaztetxoentzako toka eta bola txapelketa, Emeterio Arrese parkean Ibarrako Kirol Elkartearen eskutik.
11:30. Xake gunea: Bat-bateko xake partiden erakustaldia, ikastaro txikia, xake erraldoia, eta abar, Emeterio Arrese parkean, Ibarrako Xake Elkartearen eskutik.
17:30. Pilota partidak Belabieta pilotalekuan, Sendi-Ekintza pilota eskolaren eskutik: Emakumeak:
Espinar-Arrillaga / Larrarte-Mendizabal. Gizonak: Labaka-Beloki / Elola-Telletxea.
18:00. Helduen danborradaren entsegua, Azkue auzoan.
19:00. Helduen danborrada Iraunkorrak txarangak alaituta.
22:30. Zezensuzkoa, San Bartolome plazan.
23:30. Nizuri Tazuneri eta Modus Operandi taldeen kontzertuak, San Bartolome plazan.
Afalostean. Helduen danborradaren kalejira herrian zehar, Iraunkorrak txarangarekin batera.

ABUZTUAK 23, OSTIRALA
09:00. Diana Giroarte dultzaina taldearen eskutik.
11:30. Kale antzerkia, herriko kaleetan zehar, Hauspoa Kultur Elkartearen eskutik.
11:30-13:00. Haurrentzako jolas parkea.
14:30. Txekor-jatea, Emeterio Arrese parkean, Sendi-Ekintza elkartearen eskutik.
19:00. San Bartolome bezperako kanpai-jotzea eta salbea, San Bartolome elizan.
19:30. Soka-dantza, San Bartolome plazan.
22:00. Peio Ospitalen kontzertua, Emeterio Arrese parkean (Belabieta kiroldegian, euria eginez gero).
22:30. Zezensuzkoa, San Bartolome plazan.
23:45. DJ Andoniren emanaldia, Txumitxa atzealdeko plazan.
23.45. Laket taldearen emanaldia, San Bartolome plazan.

ABUZTUAK 24, LARUNBATA
SAN BARTOLOME EGUNA
09:00. Diana herriko txistularien eskutik.
10:30. Meza nagusia, San Bartolome elizan.
11:30. Haurren danborrada Iraunkorrak txarangak alaituta.
12:00. Piperrak eta tomateak, San Bartolome plazan, herriko baratzezainek, Zubelzu Piparrak etxeak, Ibarlur Piparra Kooperatibak eta Txumitxak eskaini eta zerbitzatua.
16:45. Auzoen arteko sokatira lehiaketa herrikoia, San Bartolome plazan, Ibarrako Sokatira Taldearen eskutik.
19:00. Bertsolarien emanaldia: Oihana Iguaran, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Beñat Gaztelumendi eta Unai Mendizabal, Emeterio Arrese parkean.
22:30. Zezensuzkoa, San Bartolome plazan.
22:45. Alurr Dantza Taldearen emanaldia, Emeterio Arrese plazan.
23:00-02:00. Eraso sexistarik gabeko gunea, San Bartolome plazan.
00:00. DJ Andoniren emanaldia, erretiratuen elkartearen aurreko plazan.
00:00. Iratzar, San Bartolome plazan.
00:00-03:00. Testing programaren gunea Ai Laket elkartearen eskutik.

ABUZTUAK 25, IGANDEA
KUADRILLEN EGUNA
09.00. Diana Giroarte dultzaina taldearen eskutik.
11:45. Kuadrillak San Bartolome plazan elkartuko dira.
12:00. Kuadrilla berriari ongi etorria: Kuadrillen txupinazoa eta brindisa plazan.
Ondoren. Kuadrillen kalejira Bonberenea txarangarekin eta Giroarte dultzaina taldearekin batera.
14:15. Kuadrillen mosaikoa, Emeterio Arrese parkean.
14:30. Kuadrillen bazkaria B-eroak kuadrillak antolatuta, Emeterio Arrese parkean.
17:00. DJ Jotatxo, Emeterio Arrese parkean.
19:00-20:30. Tximeleta taldearekin dantzaldia, San Bartolome plazan.
22:30. Zezensuzkoa, San Bartolome plazan.
00:00. Lasai earren kuadrillak piperra osasun-etxetik San Bartolome plazaraino eramango du eta, ondoren erre egingo du.
00:45. Tximeleta taldearekin dantzaldia, San Bartolome plazan.

ABUZTUAK 30, OSTIRALA
10:00. Gazteentzako txirrindulari lasterketa, XXXVIII. San Bartolome saria, Ibarra Kirol Elkartearen eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!