Pertsona bat atxilotu du Polizia Nazionalak jihadismoarekin lotuta

Ataria 2019ko uztailaren 23a

Emeterio Arreseko etxebizitza batean egin du atxiloketa Espainiako Polizia Nazionalak. Gipuzkoan burutu den operazioaren barruan kokatzen da, eta Ibarraz gain, Urretxun eta Urnietan ere izan dira atxiloketak.

Atxiloketa Emeterio Arrese kaleko 15. zenbakiko etxebizitza batean gertatu da, eta bertako lekukoek adierazi duetenez, tiro hotsak entzun dira atxiloketaren unean. 06:00ak aldera Polizia Nazionaleko lau furgoneta gerturatu dira, eta atxiloketaren ondoren, atxilotuaren etxebizitza miatzen egon dira.

Ibarran bezala, Urnietan eta Urretxun ere burutu du jihadismoaren aurkako operazioa Polizia Nazionalak, eta herri horietan ere atxiloketa bana burutu du. Sare sozialetan terrorismoa goratzea egozten diete hirurei. Poliziaren datuen arabera, talde homogeneo eta kohesionatu bat osatzen zuten. Hasieran, Daesh talde jihadistak zabaltzen zituen edukien kontsumitzaile ziren. Denborarekin, ordea, kontsumitzaile izatetik gisa horrelako edukiak zabaltzeko jauzia eman zuten, eta Gipuzkoako zirkulu salafistaren parte izatera igaro, betiere aipatutako iturrien arabera.

Ikerketaren arabera, handitzen joan da hiru atxilotuek euren komunitate birtualean zuten doktrinatzeko gaitasuna. Hala ere, azken aldian nabarmen zaindu dute sareko jarduera, Poliziaren esanetan, berriki egin diren polizia operazioak direla eta atxilotzeko beldurra zutelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!