Agintaldi berriko lanak zehaztu dituzte Ibarrako Udalean

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 15a, 15:10

Datozen lau urteetan ere bi hautetsi liberatu izaten jarraituko du udalak: Igor Zapirain alkatearekin batera Nagore Zubillaga alkateordea arituko da jardunaldi osoan.

Pasa den astean Ibarrako udaletxean egindako osoko bilkuran, udaleko funtzionamenduari eta udal organoen eraketari buruzko hainbat gai erabaki ziren. Aurrez, ordea, ekaina erdialdean ez ohiko osoko bilkura egin zuten alkateordearen izendapena eta ordezkari politikoen liberazioen eta ordainsarien inguruan.

Azken agintaldian bezala, oraingoan ere b hautetsi liberatu izango ditu Ibarrako Udalak, erabateko dedikazioan: Igor Zapirain alkatea eta alkateorde izendatu duten Nagore Zubillaga.  Alkateak urtean 54.294,66 euro gordin jasoko ditu; Zubillagak, berriz, 40.908,34 euro gordin urtean.

Puntu horretan, EAJko lau kideak abstenitu egin ziren, eta EH Bilduko 6 ordezkariek eta PSE-EEkoak alde bozkatu zuten. Zinegotzi sozialistak bere arrazoiak eman zituen: «Eudelek esandakoa betetzen dute soldata horiek; kudeaketa publikoko karguak betetzen dituzten pertsonek ez dute inolako gabeziarik izan behar, eta horretan jarduteak ez ditu aurretik izandako lanpostuetan zeuden baldintzak gutxitu behar, modu honetan, baloraturik ez dagoen lan honi balio bat ematen zaio».   


Horrez gain, talde politikoei hilean 100 euro bideratuko zaizkie eta  talde politikoetako kide bakoitzak hilean 200 euro jasoko ditu. Batzordeetako asistentzia bakoitzagatik 150 euro bideratuko zaizkio zinegotzi bakoitzari, udalbatzara joateagatik 100 euro eta gobernu batzordeetara joateagatik 200 euro.


Batzorde informatzaileak
Besteak beste, batzorde informatzaileak eratu zituzten azken bilkuran eta batzordeburuen berri eman zuten. Denera, lau batzorde osatu dituzte eta Igor Zapirain honako bi batzordeetako burua izango da: Hirigintza, Obrak eta Zerbitzuak, Ingurumena, Merkataritza eta Nekazaritza, eta Ogasuna eta Pertsonala.


Nagore Zubillaga izango da gainerako bi batzordeetako burua: Gizarte zerbitzuak, Aniztasuna, Politika Feministak eta Hirugarren Adina, eta Kultura, Gazteria, Hezkuntza, Euskara eta Kirola. Batzorde buruez gain, zinegotzi guztiak izango dira batzordeetako kideak eta bi hilean behin bilduko dira.


Kide anitzeko organoak
Ibarrako Udalak ordezkatua egon behar duen organoetako ordezkaritza hau onartu du udalbatzak: Igor Zapirainek, Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeko Mankomunitatea, Ur Kontsortzioa, Apatta Industrialdea Kontserbatzeko Hirigintza Intereseko Taldea, Tolosaldeko Apattaerreka Industria Lurra, Apattaerreka Industriagunea eta Udalbiltzan izango ditu ordezkaritzak;  Cristina Martinezek, Loatzo Musika Eskolan; Aitor Gimenezek, Hiltegiko Mankomunitatean eta Tolomendin; eta Nagore Zubillagak, Euskal Fondoan.


Azkenik, aipatu ohiko osoko bilkurak bi hilez behin egingo direla, bigarren asteko ostegunetan, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!