"Zigortuak izango bagina, motxiladun haurrak 140 izango lirateke"

Iñigo Terradillos 2019ko uzt. 4a, 19:59

Jon Mintegiaga Minde-ren arabera, «konponbidearen norabidean emango ziren urrats guztiak moztu nahi ziren»; espetxeratzeak inguru hurbilean, eta bereziki adin txikikoengan duen ondorioez ohartarazi nahi dute.

Irailaren 16n hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean euskal presoen babes taldeen aurkako 11/13 Auzia. Fiskalak zortzi eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu 47 auzipetuen aurka, 601 urte denera. Eta, horrekin batera, 117.600 euro isunetan. Auzipetuen artean Elduaingo Jesus Mari Aldunberri Kudu eta Jon Mintegiaga Minde daude.

Presoen babes sarearen aurka egin dute beste behin.
Urte asko dira, 20 urte inguru izango dira, presoen alde lanean jardun diren antolakunde ezberdinak jazarriak izan direla. Kasu hau, baina, pixka bat desberdina da, batez ere testuinguruarengatik. Duela sei urte, 2013an, egoera politiko soziala bestelakoa zen. ETAk esana zuen borroka armatua behin betiko utziko zuela, eta desagertzeko bidean jarrita zegoen. Eta, hain justu, guri ETAko kide izatea eta ETA laguntzea egozten digute. Testuingurua hori da. Garrantzitsua da momentu zehatz horretaz jabetzea. 2013ko iraila bukaera zen, Parot doktrina deitzen zenari Estrasburgoko epaitegian helegitea jarrita zegoen, eta erantzunaren zain zegoen. Erantzuna presoen aldekoa izango zela jakina zen, eta ondorioz, ia 60 preso libre geratuko zirela. Ebazpena etorri baino bi aste lehenago eman zen Herriraren aurkako sarekada. Guk uste duguna da, erabat moztu nahi zutela konponbidearen norabidean emango ziren urrats ezberdinak, tartean, preso eta iheslari guztien etxeratzea.  


Eta, hori zergatik?
Estatuko estolderiak garai bateko eskemari eusten dio. Urte askotako gatazkaren ondorioei soluziobide bat ematen bazaio, mahai gainean arazoak jartzea geratuko litzateke, hau da, politika hutsa. Zentzu horretan nabarmena da iraganeko eskemari eutsi nahi diola estatuak.


Irailaren 16an hasiko da epaiketa Madrilen, eta hiru hilabetez luzatuko da.
Auzitegi Nazionalean izango da, gisa horretako gai politikoak izan ohi diren moduan. Azaro bukaerara arte luzatuko da. 600 urte inguruko espetxe zigor eskaerak daude denentzat. Nire kasuan, 15 urteko eskaera egin didate. Oso gogorrak dira eskaerak, kontuan hartuta, egindako lan edo aktibismo politiko soziala epaitzen dela, manifestazioak antolatzea, harremanak izatea, dinamika publikoak bultzatzea... Ezkutatzeko ezer ez dugu.


Zer bide egingo duela espero duzue?
Auzitegi Nazionalean egiten diren epaiketa guztiak bezala, testuingurua kontuan izan beharko da. Juridikoki helduleku handirik ez dagoela esaten digute abokatuek, gure lana lan publikoa zelako, eta epaiketara ere horrekin joango gara. Guk zer egiten genuen azalduko dugu, eta gure ustez, egiten genuen hori zilegi, egingarria eta egin beharrekoa zela. Preso eta iheslariei, behar bat duen pertsona multzo bati, babes bat eskaintzea. Herri honi konponbide bat eman nahi genion, gatazkaren ondorioetako atal horretan.


Pieza desberdinetan banatutako dago epaiketa.
Lehenbiziko pieza Herriraren aurkakoa da; bigarrena, presoen bitartekariena; hirugarrena, abokatuen taldearen aurkakoa; laugarrena, Jeiki Hadi eta Etxerateko kide batzuen aurkakoa; eta bosgarren pieza diru kontuen ingurukoa da, dirua behar bezala ez erabiltzeari lotutakoa. Guztiei ETAren aginduetara egotea lotzen diete.


Elkartasun kanpaina abiarazi duzue, gastuei aurre egiten laguntzeko.
Gastuak pilatzen hasi gara, abokatuenak, esaterako, eta epaiketak hiru hilabeteko iraupena izango duenez, eta joan-etorri edota egonaldi asko egingo ditugula kontuan hartuta, bakoitzak 7.200 euroko gastuak izatea aurreikusi dugu. Hori biderkatzen badugu 350.000 eurora iristen da, eta herrietan dinamika desberdinak planteatu ditugu, diru bilketa egiteko. Ibarraren kasuan, lantalde desberdinak sortu dira, eta horietako bat dirua biltzeaz arduratzen da. Kontu korronte bat martxan dugu, 11-13makroepaiketa.eus webgunean daude xehetasunak eta herritarrak gonbidatzen ditugu ahal duten neurrian laguntza ematera. Horrez gain, Ibarrako jaietan tonbola bat jarri asmo dugu, herri afari bat ere bai, Elkartasun Eguna irailaren 6an...


Ehunka euskal herritarrek sinatu duten manifestu bat ere egin da publiko .
Jon Maiak idatzia da, bilgarria izatea nahi genuen, jendarte zabalak erraz bat egiteko modukoa, eta milaka herritarrek atxikimendua adierazi dute. Pozik gaude elkartasun hori jasotzen ari garelako.


Epaiketak dituen albo kalteak ere nabarmendu nahi izan dituzu, esaterako, seme-alabak dituzten auzipetuen kasuan.
Auzipetuta gauden kide askok   haurrak eta nerabeak ditugu gure kargura. 38 adin txikiko, hain justu, eta auzipetu bat haurdun dago. Gaur egun espetxeetara bidaiak egiten dituzten presoen seme-alabak 100 inguru dira. Zigortuak izango bagina, beste 40 ume sartuko genituzke dispertsioaren gurpilean. Alegia, 100 motxiladun ume izatetik 140 izatera pasako lirateke. Horrek guztiak tamaina ematen dio auziari. Duela 3-4 urte espetxean egon nintzenean, seme zaharrenak 2 urte zituen eta bisitan joatea tokatu zitzaion. Ez zen goxoa izan, eta gainera, dermatitis gogor bat pairatu zuen. Ni espetxetik atera bezain laster hasi zen sendatzen. Horrekin ikusten da nolako eragina duen gure espetxeratzeak ingurune hurbilean. Hain justu, txosten bat ari gara prestatzen, ondorioak ikustarazteko, eta herritarrak sentsibilizatzeko.

Elkartasun eguna bihar, Adunan

11/13 auziaren harira Elkartasun Eguna ospatuko dute, bihar, Adunan. 19:00etan batzarra egingo dute kultur aretoan, herritarrei 11/13 makroepaiketa zer den azaltzeko, eta Jon Mintegiaga auzipetuak eskainiko du. 20:00etan elkartasun argazkia aterako dute Bildu gaitezen elkarrekin lelopean.


Eta ondoren bertso afaria egingo dute Txulobi elkartean Amasa-Villabonako Ander Goikoetxea eta Asteasuko Haritz Mujika bertsolariekin. Gaur da
txartelak erosteko azken eguna; helduek 20 euro ordaindu beharko dute eta 14 urtetik beherakoek, aldiz, 8 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!