Aspertzeko tarterik gabe

Irati Saizar Artola 2019ko uzt. 4a, 08:58

Eskualdeko herri gehienetan ludoteka zerbitzua martxan da. Haur zein gazteen jai egun hauek kudeatzeko guneak sortzen dituzte, hainbat balore landuz.

Eskola amaitu bezain pronto zer pentsa jarriko da haur bat baino gehiago: «Zer egingo dut? Aspertuta nago!». Badira herri askotan aisirako tarte hori betetzeaz arduratzen direnak. Uda garai honetan, ludoteka zerbitzuak egoten dira, eta Ibarran badute zerbitzu hori.

Ez zaie lanik falta Ibarrako Oporretan Euskaraz udaleku irekietako begiraleei. Aurten, zehazki, ehun haurrek eman dute izena. «Azken unean apuntatu diren batzuekin, zenbaki borobila osatu dugu», esan du Izaskun Urrestarazu Oporretan Euskarazeko koordinatzaileak.

Ibarran, hiru zerbitzuren bidez kudeatzen ari dira aurten ere ludoteka zerbitzua. Uzturpe ikastolak kudeatzen du 2 eta 3 urte dituztenen ludoteka; Txiribitu aisialdi taldeko begiraleen esku dago Urrestarazuk koordinatzen duen Oporretan Euskaraz zerbitzua eta 3 urtetik 9 urtera bitartekoekin aritzen dira; eta Gaztezulok kudeatzen ditu 10 urte dituztenetatik DBH4ra bitarteko ikasleak.

Hiru zerbitzuek harremana badutela azaldu du Urrestarazuk: «Txikienekin gehiago kostatzen zaigu, adin kontuagatik, baina, adibidez, San Fermin eguna batera ospatzeko aprobetxatzen dugu». Gaztezulorekin harreman estuagoa dutela dio: «Zerbitzua hastearekin batera bilera bat egin ohi dugu, izan ere, azken eguna elkarrekin ospatzen dugu».

Aurten, uztailaren 19a izango da azken eguna, eta iaz bezala egun guztiko festa antolatu dute. «Asmoa, uraren eguna ospatzea da eguraldi ona egiten badu». Taldeko zaharrenek txikienei jolasak prestatuko dizkiete goizean. Eguerdian, gaztetxeko kideen laguntzaz bazkaria prestatuko dute, eta arratsalderako apar festa antolatu dute.

Betiere, prest egon behar izaten dute eguraldia dela eta edozein aldaketa egiteko. «Aurreko ostegunean, esaterako, sekulako beroa emana zegoen eta talde bat Alegiara joatekoa zen bizikletaz, eta beste talde bat, berriz, Izaskunera. Ez egitea erabaki genuen eta uraren eguna ospatu genuen».

Guztira hamar begirale eta koordinatzaile bat ari dira lanean Oporretan Euskaraz udalekuetan, guztiak ibartarrak.

Duela bost urte inguru udalak Txiribitu Aisialdi Taldeari eskaini zion ludoteka zerbitzuaren koordinazio eta kudeaketa eramateko. «Gu boluntarioak gara, ez gara enpresa bat», azaldu du koordinatzaileak. «Hezkide eskolak gugan sinetsi zuen, eta gu begirale izanda, zerbitzua emateko aurkeztu zen». Iaz, ordea, Sport Madness enpresa aurkeztu zen eta, egun, enpresa horrekin ari dira lanean.

Esperientzia duten begiraleak direla dio Urrestarazuk, eta horren emaitza da programazioa osatzeko erraztasuna: «Bi egunetarako programazioa egina izaten dute; egun bakoitzean egingo dutena zehaztuta».

Ibarran bertan egiten dituzte ekintza gehienak, baina urterokoa da herritik kanporako hainbat ekintza egitea ere. Aurten, Larraulera joango dira gaua pasatzera, Hernaniko igerilekura ere irteera prestatu dute, eta txikienekin, Txiki Parkera eta Asteasuko igerilekura joango dira. «Kanpoko irteera mugatuak egiten ditugu, eta gainerakoak herri osoan zehar izaten dira, auzo guztietan banatuta».

Egiten dituzten ekintza guztien oinarrian balore ezberdinak lantzen dituztela azaldu du Urrestarazuk; hala nola, euskara, natura, elkarbizitza, genero berdintasuna eta parte hartzea. «Eskolako etapa guztian hezkuntza formalean aritzen dira, eta guk hezkuntza ez formalaren aldetik egiten dugu lan, baina ez da ahaztu behar eskolatik datorren guztia: harremanak, elkarbizitza..», gehitu du.

Aurten, gainera, esperotakoa baino haur berri gehiago apuntatu dira Ibarran. «Askok urtez urte errepikatu egiten dute, eta horrek, begirale eta haurren harremanetan eragina izaten du, izan ere, harreman estuagoak sortzen dira urtetik urtera», azaldu du koordinatzaileak. Gurasoekin ere harremana mantentzen dutela dio: «Beti ondo erantzun izan digute». «Ibarra horretarako oso herri erraza da», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!