Apatta II eremuko plana behin-behinean onartu du udalak

Irati Saizar Artola 2019ko uzt. 3a, 11:58

Ibarrako Udalak zehaztu ditu bigarren faseko orubeen antolaketa, ezaugarriak eta garapena; abuztuaren 5era bitarte planaren agiriak ikusgai egongo dira udaletxean.

Ibarrako Tokiko Gobernu Batzordeak behin behineko onarpena eman zion Apattaerreka industrialdeko 18.1 azpieremuaren hiri antolamenduari, baita dagokion ingurumen azterlan estrategikoari ere.

Hasierako erabaki horrekin, Apatta II izenarekin ezagutzen den eremu industrialeko orubeen antolaketa, ezaugarriak eta etorkizunean ezar litezkeen erabileren baldintzak zehaztu dira. Ibarrako Udaleko arkitektoak azaldu duenez, «muga eta baldintza batzuk zehaztu ditugu, eta horren barruan aldaketak egiteko aukera egon daiteke». Hasiera batean, helburua, «industriara bideratutako orube horiek sortzea» izan dela azaldu du.

Gaur egun eraikia dagoen industrialdea Tolosa, Ibarra eta Leaburu-Txaramako lurretan garatuta dago. Orain, ordea, bigarren fase horretako eremu hori Tolosari eta Ibarrari dagokio. Bi udalak, plan berdina tramitatzen ari dira, «koordinatuta ari gara lanean», dio Ibarrako arkitektoak.

Plan horretan jaso dutenaren arabera, Ibarrako zatian, 30.817 metro karratu bideratuko dira industria erabilerarako eta Tolosako eremuan, berriz, 31.593 metro karratu.

Pabiloiez gain, berdegunerako espazioa ere egitea aurreikusita dute, «espazio libre bat eraiki nahi dugu».

Prozedura horrek tramitazioan jarraituko du oraindik denbora luzez, izan ere, onartu dutena behin behinekoa da.

Planaren agiriak ikusgai jarri dituzte udal bulegoetan, herritarrek alegazioak egin eta erantzun bat eman ahal izateko. Abuztuaren 5era bitarte egongo dira ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!