Jexuxmari Mujika, txapelduna eta lehen mailakoa

Ataria 2019ko uztailaren 2a

Iaz, bigarren mailako Euskal Herriko txapela buruan

Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa irabazi du ibartarrak Usurbilen; Aratz Mugertzarekin lehia borrokatua eduki du.

Jexuxmari Mujika Gipuzkoako lehen mailako aizkolaria da. Usurbilen txapeldun geratu ondoren lortu du jauzia. Lau kana-erdiko eta bi oinbiko  ebaki behar zituzten aizkolariek bigarren mailako txapelketaren finalean. Aratz Mugertza izan zen lehen enborretan azkarrena, baina irteera bizi horri eustea lortu zuen Jexuxmari Mujikak. Ondoren, aurrea hartu eta abantaila mantentzea lortu zuen. Lehia ikusgarria izan zen eta horrek denboran eragina izan zuen. Mujikak lan guztiak amaitzeko 15 minutu eta 15 segundo behar izan zituen. Aratz Mugertza 15.56rekin geratu zen. Hirugarrena Luis Txapartegi izan zen, 16.36rekin. Eskualdeko bigarren ordezkariak, Jokin Alkizalete asteasuarrak, laugarren egin zuen 17.24rekin. Julen Aranbarri eta Suharri Rodriguez bosgarren eta seigarren izan ziren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!