Ioseba Mateosek 14. egin du Batalla de Rande zeharkaldi gogorrean

Ataria 2019ko ekainaren 28a

Igerilari ibartarrak lehen parte hartzea izan du Batalla de Rande itsas zeharkaldian, aurten zortzigarren aldiz egin dena, eta estatuan dagoen bosgarren proba gogorrena.

Cies irletatik San Simon irlaraino da ibilbidea. «Galizian egiten da eta ekainean ura hotza egoten da. Bestetik, 27 kilometroko ibilbidea du», esan du Mateosek, probaren gogortasuna azaltzeko. Ehun partaide ingurutik 14k utzi egin zuten, horietatik 12 hipotermiarengatik.

Sailkapen orokorrean 18. postuan ageri da Mateos, eta zeharkaldi tradizionalean 14. postuan amaitu zuen gizonezkoen sailkapenean. 6.58.22ko denbora egin du ibartarrak, eta «oso pozik» agertu da egindako markarekin: «Zazpi eta zortzi ordu bitartean bukatzeko asmoz joan nintzen probara, eta espero baino denbora gutxiagoan egin nuen».  

Hiru igerilari modu librean atera ziren. Beste guztiek, Mateos tartean, 12. kilometroa arte kontrolpean igeri egin zuten, erritmo jakin batzuen arabera egindako taldeetan. «Zortzigarren kilometrotik aurrera erabaki nuen Alex Zabala igerilari zarauztarrarekin igeri egitea, eskarmentu handikoa, eta gero, hamabitik aurrera nire erritmo taldetik tiratzen aritu nintzen». Bukaera «dena emanda» joan zen, eta gustura geratu da egindakoarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!