"Niretzat pertsonalki erronka bat da Coruñako taldera joatea"

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 26a, 19:59

Bukatu berri den denboraldian Gipuzkoa Basket taldearen ACB ligako jaitsiera bizitu ondoren, pauso berri bat emango du Gaizka Maizak bere ibilbide profesionalean: Galiziara egingo du jauzi, Urrezko LEB ligan jokatzeko.

Leyma Basquet Coruña taldearekin egin berri du hitzarmena Gaizka Maizak (Ibarra, 1996). Urrezko LEB ligako, bigarren mailako, taldea da, eta bi urterako hitzarmena egin du. Azken urteak Gipuzkoa Basket taldean eman ditu Maizak, lehen hiru urteak batez ere bigarren taldearekin, eta azkenekoa lehen taldearekin ACB mailan.

Nola iritsi da Galiziako talde batekin fitxatzeko aukera?

Denboraldia bukatu zenetik, Gipuzkoa Basketen entrenatzailea nuen Sergio Garciak Leyma Basquet Coruña taldearekin fitxatu zuen, eta lehenengo momentutik Sergio beraren partetik babes osoa izan dut. Berak esan zidan ea nahi nuen talde horretara joan eta bertako proiektua ere azaldu zidan. Coruña klub bezala garrantzitsua da Urrezko LEB ligan eta lehenengo momentutik gauzak erraz jarri dizkidate fitxaketa egiteko.

Gipuzkoa Basketekin nolakoa zen harremana?

Jada ez nuen hitzarmenik Gipuzkoa Basketekin, ACB ligatik Urrezko LEB ligara jaitsi eta gero hitzarmen guztiak puskatu ziren, eta beraz, libre nengoen nahi nuena egiteko. Beraiekin hitz egiteko deitu zidaten, baina beraien epeetatik kanpo nenbilen. Oraindik entrenatzaile bila zeuden eta esan zidaten nirekin kontatuko zutela ziur aski, baina ez nekien entrenatzailea zein izango zen, zer asmo izango zuen, eta nahiz eta beraiek esan nirekin kontatzen zutela, azkenean entrenatzailea da jokalariak kantxan jartzen dituena, eta entrenatzailearen iritzia jakin gabe ez nuen nahi pauso hori eman. Coruñak hasieratik gauzak oso erraz jarri dizkit, eta Sergiok, entrenatzailea izango denak, babestu nau azkenean.

Ohikoa izaten al da bi urterako hitzarmena egitea?

Normalean ACB ligan bi, hiru edo lau urteko kontratuak izaten dira, baina Urrezko LEB ligan normalena da urte bateko kontratua izatea. Gero badakizu denboraldia bukatzen denean agian beste talde batera joan zaitezkeela. Bi urteko hitzarmen bat izateak ematen dizu segurtasun pixka bat eta ikusita proiektua serioa dela gogoz hartu dut, egia esan.

Baduzu Coruñako taldearen berririk?

Aurreko urteko jokalariak ez ditut asko ezagutzen, berriak direlako. Nik orain dela bi urte Gipuzkoa Basketetik utzita jokatu nuen Urrezko LEB ligan Azpeitiko taldearekin, eta Coruñan kontra jokatzeko aukera izan nuen, eta jende gehiago ezagutzen nuen. Azpeitian taldekide izan zen Mirza Bulic aurreko urtean Coruñan izan zen, eta berritu du datorren denboraldirako, beraz, pozik berarekin berriz elkartuko naizelako.

Bestalde, taldearen helburuen berri ez dut oraindik. Baina entrenatzailearekin hitz egin dudanaren arabera, talde indartsu bat egiteko lanean dabiltza. Helburuak zehatzago esango dizkigute, bai klubak berak eta baita entrenatzaileak ere.

ACBra, lehen mailara, igotzeko asmorik bai, edo horretan saiatzeko?

Nik esango nuke, kanpotik ikusita, hasten ari den klub bat dela. Azken urtea beraientzat ez da ona izan, uste dut ez zirela ondo hasi, eta ligan erdialdean bukatu dute. Baina klub bezala indartsuak dira, eta dirudienez nahiko goran ibiltzeko talde bat izan nahi dute. Helburu bezala nik pertsonalki ez nuen igoera jarriko, talde oso indartsuak daudelako. Baina helburuak jartzeko ni ez nago, hori beste batzuen egitekoa da.

Gipuzkoa Basketekin ACBn jaitsiera bizi izan duzu bukatu berri den denboraldian. Nolako urtea izan da?

Urte zaila izan da, bai niretzat pertsonalki eta baita taldearentzat eta klubarentzat orokorrean. Aurreko urtean sekulako denboraldia egin genuen. Orain hiru urte Urrezko LEB ligan jokatu zuen eta orain bi urte ACBn jokatu zuten, eta ni Azpeitian utzita nengoen eta entrenamenduetara joaten nintzen. Bukaerako hilabeteetan partida batzuk jokatzeko aukera izan nuen. Azken urtean bai izan naizela ACBko taldeko kide, eta urte zaila izan da, gure helburua maila mantentzea zelako. Ez ginen ondo hasi, lesionatu asko izan genituen, eta alde horretatik zorte txarra izan dugu. Bestela ere ez dugu gure joko mailarik aurkitu ia inongo momentutan. Azken boladan gorakada eman genuen eta partida dezente irabazi genituen, baina egurra eman behar zen momentutan ez ditugu partidak atera, eta azkenean maila galdu genuen.

Zuretzako pertsonalki zaila izan dela esan duzu. Minutu gehiago jokatzea espero zenuen?

Nik banekien Gipuzkoa Basketeko lehen taldean egon baino lehenago, zaila izango zela minutuak izatea. Baina partida batzuetan aukera izan nuenean, kantxan egoteko aukera izan nuenean, erantzun nuela uste dut. Entrenatzaileak erabakitzen du zein dagoen kantxan eta zein ez, eta momentu askotan izan nau aulkian eserita, eta ez daukat bere kontra ezer, errespetatu behar diren erabakiak izan ziren.

Urrezko LEB maila eta ACB maila ezagutzen dituzu. Ze ezberdintasun daude?

ACB Liga Europako indartsuenetako bat dela esango nuke, indartsuena ez bada. Jokalari onenetarikoak bertan daude, eta jokoak duen azkartasuna nabarmenduko nuke. Batetik, fisikoki, eta, bestetik, jokalariren bat bakarrik uzten baduzu bikoa edo hirukoa sartzen dizutelako. Defentsan oso adi egon behar duzu oharkabean ez harrapatzeko, oso jokalari bizkorrak baitaude, ez bakarrik fisikoki, baita mentalki ere. Ezberdintasuna, beraz, fisikoki eta batez ere, mentalki da, eta gero jokalari bakoitzaren kalitatea.

Orain oporretan zaude, baina ez zara geldirik egongo, ezta?

Oporretan nago, baina astean zehar ari naiz nire lanak egiten, gimnasioan. Saskibaloiko ariketak egiten ditut ere. Denboraldia bukatu denetik ez naiz geratu, eta taldekideak izan diren Donostiako beste gazte batzurekin ibili naiz entrenatzen Donostian izandako beste entrenatzaile batzuekin, eta egia esan, oso eskertuta nago aukera eman zigutelako beraiekin entrenatzeko. Eta orain ere neure kasa ari naiz entrenatzen, gimnasioan, mendira joanez eta korrika eginez. Saskibaloiko kantxako ariketak egiten nire anaiak laguntzen dit, eta horretan oso eskertuta nago berari ere. Azkenean badakigu gure lana zein den eta gorputza zaindu egin behar da. Denbora asko egoten bazara ezer egin gabe, gero asko kostatzen da arrankatzea.

Orain arte saskibaloi jokalari profesional bezala etxetik gertu aritu zara. Aldaketa handia izango da Galiziara joatea?

Bai. Euskal Herritik kanpora joango naiz eta faltan botako dut hemengo jendea. Aldaketa da, baina ohitzen joan beharko dut, besterik ez dago.

Lau urte egin dituzu profesional bezala dagoeneko.

Saskibaloian TAKEn hasi nintzen; aurretik futbolean aritu nintzen, eta hamabi-hamahiru urterekin hasi nintzen saskibaloian. TAKEtik atera eta hiru urte eman ditut Azpeitian, bi urte Zilarrezko LEB ligan eta azkenekoa Urrezko LEB ligan. Eta aukera izan dut azken denboraldia ACB ligan jokatzeko Donostiako saskibaloi taldearekin. Orain Coruñara joateko aukera hau sortu zait, gogo handiz hartzen dudana. Leku berri bat da, klub berri bat da; hemendik ateratzen naiz eta niretzako pertsonalki erronka bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!