Azken paseoa egin dute Ibarran Martxaneko kideek

Ataria 2019ko ekainaren 20a

Uda iristearekin batera, osteguneroko ibilaldiek etenaldia izango dute, urrira bitartean; gaur egin dute ikasturteko azken paseoa.

Galdu ezin den hitzordua izaten dute ostegunero Ibarra Martxan taldeko kideek. Elkartu eta lagunartean ibilaldi bat egiteko aitzakia ederra izan dute gaur arte. Uda iristearekin bat, etenaldia egingo dute, datorren urrira bitarte.

Ostegunero 40 lagun inguruko taldea bildu ohi da ibilaldia egiteko. Norbanako, talde eta eragile askoren laguntza izaten dute guztia antolatzeko. Besteak beste, Bizi Nahi elkartea, Garagune, Ilarki, Uzturpe Ikastola, Merkatarien elkartea, San Bartolome parrokiako gaixoen pastorala eta Ibarrako osasun etxearena.

Gaurko paseoan, Gizarte gaietako zinegotzi berriak, Nagore Zubillagak hartu du parte. Ikasturteari amaiera emateko, Garaguneko lagunek hamaiketakoa eskaini diete parte hartzaile guztiei eta festa giroan amaitu dute ikasturtea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!