Udan ez aspertzeko hamaika aukera Gazte Zuloren eskutik

Irati Saizar Artola 2019ko eka. 13a, 11:57

Ibarrako Gazte Zulo gaztelekuak udako eskaintza zabala prestatu du hainbat adinetako gaztetxoentzat ; izena emateko azken eguna ekainaren 21a izango da.

Ibarrako Gazte Zulo gaztelekuak uda honetarako hainbat jarduera antolatu ditu, 10 eta 16 urte arteko ibartarrentzat. Ekainaren amaieran hasi eta, uztailaren 19ra bitarte, irteera eta askotariko jarduerak egingo dituzte.

Izena emateko azken eguna ekainaren 21ean izango da. Izen emate orriak kultur etxean, Gazte Zulon edota Ibarrako Udalaren webgunean eskura daitezke, eta orri horietan aukera egongo da zein jardueratan apuntatu nahi den aukeratzeko, hau da, ez da zertan jarduera guztietan parte hartu beharrik izango; bakarrera joateko aukera izango da.

Jarduera bakoitza adin tarte jakin batentzat antolatu dute. Beraz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek hiru irteeratan parte hartzeko aukera izango dute: ekainaren 25ean Hernaniko igerilekura joango dira, eta 5 euroko kostua izango du; uztailaren 1ean, Donostiako hondartzara joatea erabaki dute; uztailaren 8an, Uztaritzeko Wipe Out ur-parkera egingo dute irteera, eta 10 euro ordaindu beharko dira. Uztaritzeko irteerara apuntatzen direnek, udalean baimen berezi bat eskatu behar dute, frantziar estatura bidaiatu ahal izateko.

DBH 1. mailakoei dagokienez, horiek ere hiru jarduera izango dituzte aukeran. Lehena, ekainaren 27an egingo dute, eta Zarautzera joango dira, egunpasa egitera; uztailaren 5ean, Uztaritzeko Wipe Out ur-parkera egingo dute txangoa, horiek ere 10 euro ordaindu beharko dute; azkenik, uztailaren 10ean, Ordiziako Oiangu parkean barbakoa egingo dute,eta 5 euro ordaindu beharko ditu egun pasa egin nahi duenak.

Bestalde, DBH 2. eta 3. mailakoentzat irteera bateratua prestatu dute. Uztailaren 15etik 18ra, Nafarroako Mendigorria kanpinean pasatuko dituzte egunak; egonaldiaren kostua 50 eurokoa izango da.

Azkenik, DBH 4ko ikasleak ere bi gau pasatzera joango dira, uztailaren 3tik 5era bitarte, Hondarribira. Gauak bertako kanpinean pasako dituzte,e ta joan nahi duenak 40 euro ordaindu beharko du.

Irteerak izena emateko garaian ordaindu beharko dira, Gazte Zulon bertan.

AMAIERA FESTA

Ondo pasatzea eta harremanak egin eta sendotzea helburu duen eskaintza zabal honek, uztailaren 19an izango du amaiera. Adin guztientzako festa eguna antolatu dute. Ibarrako plazan egingo dute, eta antolatzaileek bainujantzia eta aldatzeko arropa eramateko eskaria egin diete bertaratuko direnei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!