Auzoarteko sokatira txapelketa egingo dute Ibarrako festetan

Irati Saizar Artola 2019ko eka. 12a, 08:59

16 urtetik gorako edozein ibartarrek izango du apuntatzeko aukera, eta ekainaren 21a izango da azken eguna; hurrengo bilera ekainaren 28an egingo dute, guztia antolatzeko.

Auzotarren arteko sokatira txapelketa egingo dute, bigarrenez, Ibarrako San Bartolome jaietan. Ibarrako kiroldegian edo herriko tabernetan eman daiteke izena, eta apuntatzeko azken eguna ekainaren 21a izango da.

Herrian sokatira sustatzea helburu, iaz egin zuten lehen txapelketa. «Giro polita» sortu zela adierazi du Andrea Aldazabal Ibarrako sokatirako kideak, «sokatiran aritzeak zer eskatzen duen herritarrek barrutik ezagutzea nahi neguen».

Hori horrela, bigarren urtez ere antolaketari ekin diote Ibarrako Festa Batzordearekin batera. Aurten, taldeak sei tiratzailek osatuko dira eta hiru emakume eta hiru gizonek osatu beharko dute. Guztira, 440 kiloko mailan jokatuko da txapelketa. «16 urtetik gorako herritar orok eman dezake izena, bakarka zein taldeka», azaldu du Aldazabalek. Ibarrako kiroldegian eta herriko tabernetan daude izen-emate orriak.

Behin epea amaituta, ekainaren 28an egingo dute norgehiagoka antolatzeko hurrengo bilera. Antolatzaileak parte hartzaileekin elkartuko dira Ibarrako plazan. «Txapelketaren nondik norakoak azalduko ditugu; entrenamenduak nola egin zehaztuko dugu eta taldeak osatuko ditugu», esan du sokatiralariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!