Kanturako ahots berrien bila

Irati Saizar Artola 2019ko eka. 7a, 11:56

Ibarrako koruko kideek kurtso amaierako kontzertua eskainiko dute, gaur, 19:00etan, Ibarrako kultur etxean.

Ikasturtean zehar ikasitakoa jendaurrean erakusteko unea heldu zaie Ibarrako koruko kideei. Kultur etxeko aretoko oholtzara igoko dira, gaur, 19:00etan, kontzertua eskaintzeko.

Doinu klasikoak abestuko dituztela azaldu du Santos Agirrezabala koroko kideak. Besteak beste, euskal abesti ezagunak entzuteko aukera izango da. Tartean, Agurra, Xalbadorren heriotzean, Gogoaren baitan eta Txoria txori abestiak kantatuko dituzte. Horiez gain, japoniarrez ere abestuko dute kanta bat. «Ez da oso abesti luzea. Maitasun kanta bat da, nahiko erakargarria», esan du. Ahoskerari dagokionez, pixkana egin dute lana, ahalik eta antzekoenen egiteko: «Beraiek bezala ez dugu ahoskatuko, baina saiatu behintzat egin gara».

Guztira, hamaika izango dira abestuko dituzten kantuak, eta ordubete inguruko saioa izatea aurreikusi dute.

Ahots berrien bila

Egun 22 lagun inguruk osatzen dute taldea, 13 emakumek eta 9 gizonek. Agirrezabalak esan du gizonezkoen ahots gehiago «gustura» hartuko dituztela, «ahots baxuak egiteko». «Hiru gizonezko gehiago etorriko balira taldera, askoz ere hobea litzateke talde osoarentzat», dio. Taldean sartzeko ez dela profesionala izan behar azaldu du Agirrezabalak, «gustukoa izatea eta belarri pixka bat izatea eskatzen dugu; ez dugu castingik egiten». Ondo pasatzearena ziurtatuta dute, izan ere, abesteaz gain, «talde giro ona» dutela esan du, eta entseguen ondorenetan «tragoren bat hartzera» ere joaten omen dira.

Normalean, astean egun batez egiten dituzte entseguak, ostegunetan, 19:30etik 21:00etara. Azken asteetan, ordea, kontzertua dela medio, astean bitan elkartu dira.

Gaurko kontzertua, ikasturteko azkena izango da. Urtero prestatzen dute «herritarrentzat» emanaldi hori. Gabonetan eskaini zuten azkena, eguberrietako kantak abestuz. «Gehienbat Ibarran kantatzen dugu eta, horrez gain, kantu jirak ere egiten ditugu».

Kontzertu ostean, atsedenerako tartea hartuko dute, eta udazkena gerturatu ahala, urri aldera, berriro ekingo diote elkartu, ahotsak berotu eta abesteari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!