Makroepaiketa salatzeko egitasmoak martxan

Irati Saizar Artola 2019ko eka. 7a, 11:59

Ekainaren 11n egingo dute guztia antolatzeko hurrengo batzarra, 19:00etan, Ibarrako Txontxoko udal lokaletan.

Irailaren 16an hastekoa den makroepaiketaren harira, herri batzarra egin zuten, asteazkenean, Jon Mintegiaga Minderen senide eta lagunek, Ibarrako kultur etxean. Minderen egoeraren berri emateaz gain, Jesus Mari Aldunberri Kudu elduaindarraren egoera ere azaldu zuten, eta 11/13 makroepaiketa salatzeko egitasmoak martxan jartzeari ekin zioten.

Lehen batzar horretara 70 herritar inguru bildu ziren, eta haiek egindako ekinaldien ideia zaparradaren ostean, lan taldeak antolatu zituzten egitasmoak martxan jartzeko. Oraingoz, lau lan talde hasiko dira lanean: iraila hasieran egingo den Elkartasun Eguna antolatzeko taldea, elkartasun ekonomikoa jorratuko duen taldea, komunikazio taldea eta harremanak egin eta herritar eremu zabala sentsibilizatuko duen taldea.

Egitasmo nagusienak Ibarran egitea aurreikusi zuten, baina «elkartasun dinamika eskualdeko herrietara ere zabaltzea pentsatu dugu, batez ere, uda parteko jai eta festa giroak baliatuta», azaldu zuten Minderen lagun eta senideek.

Auzipetuek sortu duten webgunearen berri ere eman zuten. Bertan, informazio orokorra agertzen da, baita herrietan dinamikak abiatzeko beharrezkoak diren bitarteko guztiak ere. Honakoa da helbidea: 11/13makroepaiketa.eus.

Bestalde, ekarpenak jasotzeko bidea ere ireki dute. Izan ere, aurreikuspenen arabera, auzipetu bakoitzak 7.000 eurotik gorako gastuak izango ditu epaiketan zehar. Laguntzeko alea jarri nahi duenak webgunetik bertatik egin dezake, edo honako kontu korrontean sar dezake dirua: Laboral Kutxa ES82 3035 0057 9205 7005 9033.

Guztia antolatzen jarraitzeko hurrengo batzarra ekainaren 11n izango da, 19:000etan eta, oraingoan, Ibarrako Txontxoko udal lokaletan egingo dute. «Behin ideiak txukunduta, horien irakurketa orokor bat egin eta jendea lan taldeetan banatzeko asmoa dago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!