'Ataria'ren urtebeteko harpidetza, euskara ikastearen truke

Irati Saizar Artola 2019ko eka. 6a, 17:59

Ibarrako Udalak bosgarren urtez ordainduko die urtebeteko kuota euskara ikasten ari direnei; aurten 25 ikaslek egin dute bat egitasmoarekin.

Bosgarren urtez jarraian, Ibarrako Udalak TOLOSALDEKO ATARIAren urtebeteko harpidetza ordainduko die, euskara ikasten ari diren ikasleei. Aurten bada berrikuntzarik, gainera: orain arte euskara ikasten ari ziren ibartarrei soilik ordaintzen zieten eta, aurten, ibartarra ez izanagatik, Ibarran lan egiten dutenei eta euskara ikasten ari direnei ere zabaldu diete eskaintza. Guztira, 25 lagunek jasoko dute, urtebetez, harpidetza doan.

«Euskara sustatzeko eta herritarrak euskarara gerturatzeko» egiten duten egitasmoa dela azaldu Tomas Ugaldebere euskara teknikariak. Euskaltegian ikasten dutena handik ateratzea kostatzen zaien horientzat baliagarri ikusten du egitasmoa. «Etxean harpidetza izatea eta irakurketa ohitura handiagoa hartzea positiboa da, norberaren ikasketa prozesurako», gaineratu du.

Euskaltegietako materialetatik kanpo erreminta bat eskaini nahi die udalak, erabileran eragina izan dezan: «Ikasle horietako batzuk Tolosan mintzalagunarekin ibiltzen dira, eta material hau erabiltzen dute egitasmo horretarako». Bezperan jasotako ATARIA, hurrengo egunean mintzalagunarengana eramaten dute, bertan agertzen diren berriak komentatzeko.

Era berean, euskal komunikazio produktuak sustatzea ere helburuetako bat dela azaldu du Ugaldeberek, eta keinu horrekin ATARIA laguntzen jarraitu nahi dute.

Ibarrako Udala ez ezik, ATARIA bera ere pozik dago. «Gure helburuetako bat euskara gizarteratu eta erabilera sustatzea ere bada, eta bat egiten dugu horrelako egitasmoekin», esan du Iban Urdapilleta kudeatzaileak.

Bere aldetik, Ibarrako Udalak euskara ikasten ari diren horiei %100 ordaintzeko konpromisoarekin jarraituko dutela azaldu du Ugaldeberek. «Uste dugu nahikoa esfortzu egiten duela ikasle batek, eta ez zaigu iruditzen diruak izan behar duenik, euskara ez ikasteko arrazoia».

Gaur egun 30 ibartar inguru ari dira euskara ikasten, eta gehienak 30 urtetik gorakoak dira. «60 urteren bueltako kuadrilla bat daukagu, bilobekin euskaraz aritzeko gogo eta desioak bultzatuta-edo animatu direnak», azaldu du teknikariak.

ERABILERAN, GORAKADA

Ibarran azken kale neurketa egin zenean, 2015 inguruan, jaitsiera nabarmena izan zela gogora ekarri du Ugaldeberek. Horren aurrean, hainbat egitasmo martxan jartzea erabaki zuten eta, pixkana, baina erabilerak gora egin duela nabaritu du. 30-50 urte artean dituztenen egoerak kezkatzen ditu gehien: «Beraien artean erdaraz egiten dute askok, eta haurrak daudenean euskaraz». Hori aldatzeko lanketa bat egitea beharrezko ikusi du teknikariak, eta kale erabileraren neurketa berri bat egiteko asmoa azaldu dute.

Irailetik aurrera merkatarien artean euskara sustatzeko kanpaina bat ere martxan jarriko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!