Ibarrako bi gizonezko hil dira Hondarribian

Ataria 2019ko ekainaren 1a

Ezbeharra gertatu den ingurua. Hondarribiako Erentzin Kalako uretan. Argazkia: Gurutze Gorria.

15:10 inguruan gertatu da ezbeharra Eretzin kalako uretan. Segurtasun Sailak Tolosaldeko Atariari baieztatu dionez, Ibarrako 47 eta 49 urteko bi anai dira hildakoak.

Jaizkibel itsaslabarrean kokatuta dagoen Erentzin kalako uretan hil dira, arratsaldeko lehen orduan, 15:10 aldera. Lehenago, SOS Deiak 112 zerbitzuak larrialdi dei bat jaso duela jakinarazi du, bi lagun uretatik atera ezinda zeudenaren berri emanez. Ondoren, erreskate zerbitzuak, ezbeharra gertatu den gunera bertaratu dira.

Kalan bertan, Ertzaintzaren helikopteroko tripulazioak, hildako bi gizonezkoen gorpuak aurkitu ditu, eta Gurutze Gorriaren baltsa batera atera dituzte. Behin gorpuak erreskatatuta, Hondarribiako aireportura eraman dituzte Ertzaintzaren helikoptero batean, diligentzia judizialekin jarraitzeko, Donostiako Auzitegi Medikura eraman aurretik.

Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, uretatik erreskatatu dituztenean, soinean mendiko arropa jantzita zeramatela ohartu dira. Ertzaintzaren lehen hipotesiaren arabera, itsaslabarretik doan Talaia bidea egiten ari ziren, eta horietako bat uretara erori da. Bestea, berriz, laguntzeko asmotan sartu dela uste dute. Hala eta guztiz ere, Ertzaintzak ikerketa abiarazi du, ezbeharra nola gertatu den argitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!