Areto futbolaren hiriburu bihurtu da Ibarra

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 1a, 15:45

Lauburu Ibarra klubeko kadete mutilen taldea, Espainiako Txapelketaren aurre fasea jokatzen ari da Belabietan. Hori dela eta, Lauburu eguna antolatu dute klubeko ordezkariek. Goizean jokatu dute lehen partida, eta ondoren, herri bazkarirako elkartu dira San Bartolome plazan.

Ibarran, festa egun handia bizitzen ari dira asteburu osoan zehar. Goizean hasi da kadete mailako Espainiako Areto Futbol Txapelketaren lehen fasea, eta aurre kanporaketa hori jokatzen ari da Lauburu Ibarra taldea, Euskal Herriko txapeldun izateari esker. Ibartarrekin batera, Kataluniako, Aragoiko eta Nafarroako txapeldun izan diren, Bartzelona, Futbol Emotion Sala 10, eta Ribera de Navarra taldeak ari dira jokatzen.

Lehen partidan, Bartzelona aise nagusitu zaio Ribera de Navarrari, eta azkenean, 7-0 irabaztea lortu dute. Bigarren partidan, berriz, etxekoek irabazteko aukera handiak izan dituzte. 2-0 aurreratu da, eta markagailu horrekin heldu dira atsedenaldira. Aldageletatik bueltan, ordea, Sala 10 taldeak markagailua irauli du, eta azken emaitza, 2-3koa izan da. Ibartarrek eskura izan dute garaipena, baina aragoitarrek lau minututan hiru gol sartzea lortu dute. Gainera, jokalari batek txartel gorria ikusi duenez, bi minutuz jokalari bat gehiagorekin izan da Lauburu, baina ezin izan du aukera aprobetxatu.

Festa giro ederra izan da kiroldegian, baita tentsio une ugari ere. Harmailak jendez lepo bete dira. Ondoren, gainera, kalera atera dute barruko giro bikaina. Izan ere, eta goizean nahiz arratsaldean partidak zeudela aprobetxatuz, Lauburu eguna antolatu dute. Behin goizeko partidak amaituta, San Bartolome plazan 200 bat zale bildu dira, elkarrekin bazkaltzeko. Bero latza egin du, hala ere, frontoiko estalpea aprobetxatu nahi izan dute.

Behin bazkaltzez amaituta, 17:00etan hasiko dira arratsaldeko partidak. Lehenik, Bartzelonak eta Sala 10ek neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, berriz, Lauburuk eta Rivera de Navarrak jokatuko dute, 19:00etatik aurrera. Bihar, 10:30ean, Sala 10ek eta Ribera de Navarrak jokatuko dute, eta 12:30ean, Lauburuk eta Bartzelonak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!