Xabi Alonso Realera itzuliko da

Ataria 2019ko ekainaren 1a

Realak ohar bidez jakinarazi duenez Xabi Alonsok bigarren taldearen ardura hartuko du Bigarren B Mailan. Azken denboraldian Real Madrideko infantilak entrenatzen aritu da.

Realaren oharra, "Etxean da berriro":

"Xabi Alonso Sanseko entrenatzaile izango da datorren denboralditik aurrera. Jokalari txuri-urdin ohia, behin bere futbolari ibilbide distiratsua amaituta, Realeko proeiektura batuko da Bigarren B Mailako filiala zuzentzeko. Botak zintzilikatu eta gero Alonsok bere entrenatzaile formakuntza hasi zuen eta, amaitzen ari den denboraldi honetan Real Madrideko Infantil A  taldea zuzendu eta gero, gure bigarren taldeko buru izango da.

Xabi Alonso mende honetako jokalaririk onenetarikoa izan da Realean. Debuta 1999ko abenduan egin zuen Errege Kopako partida batean CD Logroñesen aurka eta, horren ostean, tolosarrak guztira 124 norgehiagoka jokatu zituen Realeko kamisetarekin. Oso jokalari garrantzitsua izan zen 2002-03 denboraldian, zerua ukitzetik gertu egon ginen urte zoragarri hartan. Bere kalitateari esker Europako talde boteretsuenetara salto egin zuen eta, haietan zela, ez zuen inoiz sentimendu txuri urdina galdu.

Urteak pasako dira harrobiko beste jokalariren batek Xabik duen palmaresa lortzeko. Mundial bat, bi Eurokopa, bi Europako Superkopa, Bi Txapeldunen Liga, Espainiako Liga bat, Alemaniako hiru… Ibilbide horretan guztian elegantzia, estiloa, eta futbola ulertu eta ezagutzeko modu argi batekin egin du, gure etxerako entrenatzaile perfektua izateko modukoa, alegia. Etorkizuna berea da eta, orain, gurekin batera egingo du bidea. Zure zain geunden.

Ongi etorri etxera, Xabi."

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!