Loatzo musika eskolak jaialdia antolatu du Uzturpe ikastolaren alde

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 31a, 11:30

Gaur, 22:00etan, ikastolako frontoian izango da, eta Alurrek eta Ibarrako eta Zizurkilgo erraldoiek hartuko dute parte

Loatzo musika eskolak ikasturte amaieran jaialdi handi bat antolatu izan du azken urteetan. Aurten, emanaldi horrek izaera solidarioa hartuko du, Ainhoa Elizondo musika eskolako zuzendariak aipatu duenez: «Duela 17 urte, sortu ginenean, Uzturpe ikastolak ateak ireki zizkigun, bertan klaseak emateko. Beraz, lotura aspaldikoa dugu. Ikastola berritzeko lanetan izan diren arazoak tarteko jakin genuen laguntza ekonomikoa behar zutela. Guk dirua ezin dugu eskaini, baina bai ondoen egiten dakiguna: musika».

Ez dute sarrerarik kobratuko, baina emanaldiaren hasieran norberak borondatea eman ahal izango du. Ikastolako ikasleek parte hartuko dute eta, horrekin batera, Alurr dantza taldeak eta Ibarrako eta Zizurkilgo erraldoiek hartuko dute parte. Loatzo musika eskolako talde guztiak ariko dira, eta oholtza gainean 350 ikasle izango dira. Errepertorio zabala eskainiko dute eta guztia ondo aterako dela espero du Elizondok: «Elkarlanak beti ekartzen ditu gauza onak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!