Euskadiko Txapelketa irabazi ondoren, Lauburu Ibarra kadete mailako mutilek Espainiako Txapelketako aurre fasea jokatuko dute asteburuan. Mikel Raposo entrenatzaileak azaldu duenez, «sari bat da fase hau etxean jokatzea jokalarientzat, klubarentzat eta Ibarra herriarentzat. Talde oso onak etorriko dira, eta hemen areto futbolean lan oso ona egiten dela erakusteko aukera bat izango da».
Aurre fasea jokatzeko Euskadiko Txapelketa irabazi behar zuten. «Ez genuen aurkaria asko ezagutzen», esan du Raposok. Euskadiko Txapelketa Bizkaiko liga irabazi duenaren eta Gipuzkoakoa irabazi duenaren artean jokatzen da. «Nahiko talde paretsua ginen, eta guk sartu genuen lehenengo gola eta orduan beraiei urduritasuna handitu zitzaien. Beste gol bat sartzea lortu genuen, eta gero defentsan ondo eutsi genion».
Kadete mailan bigarrenez irabazi du Euskadiko Txapelketa, orain hiru denboraldi eta orduan Castrora joan ziren Espainiako Txapelketaren aurre fasea jokatzera. Oraingoa Belabietan jokatuko da, klubak eta Ibarrako Udalak egindako kudeaketaren ondoren. «Zaila izaten da horrelako lehiaketetara iristea, eta ikusita beste batzuetan ere horrelako txapelketak antolatu izan direla hemen, eskaria egin zen, eta guri eman digute», esan du Raposok.
Espainiako Txapelketaren aurre fasea jokatzeko hamasei talde sailkatzen dira; erkidego bakoitzetik txapelduna. Lau multzo egiten dira, bakoitzean lau talderekin. Eta aurre fase bakoitzeko irabazlea lauko finalerako sailkatzen da, eta hor erabakitzen da txapelduna.
Belabietan, Lauburuk aurkari izango ditu Bartzelona kataluniarrak, Futbol Emotion Sala 10 aragoiarrak, eta Ribera de Navarra nafarrak. «Bartzelonaren aurka jokatzea saria da, eta aldi berean sufrimendu puntu bat ere izan daiteke, beraien maila berdintzea oso zaila delako», esan du Raposok. Beste bi klubek talde nagusia lehen mailan dute, beraz, harrobi indartsua izatea aurreikusten zaie. «Zozketaren aldetik oso talde boteretsuak tokatu zaikigu, eta ikusiko dugu gure mailak zenbateraino ematen digu beraien aurka lehiatzeko».
Larunbatean egun guztian eta igande goizean jokatuko dira partidak. Lau taldeak elkarren aurka jokatuko dute eta puntu gehienak lortzen duena sailkatuko da lauko finalerako. Larunbatean, 10:00etan Bartzelonak eta Ribera de Navarrak jokatuko dute; 12:00etan, Lauburu Ibarrak eta Sala 10ek; 17:00etan, Bartzelonak eta Sala 10ek; eta 19:00etan, Lauburu Ibarrak eta Ribera de Navarrak. Igandean, 10:30ean, Sala 10ek eta Ribera de Navarrak, eta 12:30ean, Lauburu Ibarrak eta Bartzelonak.
LAUBURU EGUNA
Txapelketa jokatzearekin batera Lauburu Eguna antolatu dute larunbaterako. 12:00etan kadeteen partida ikusteko elkartuko dira zaleak, ondoren 13:30etik 14:30era kalejira egingo dute. 14:30ean bazkaria, plazan, eta 19:00etan kadeteen partida. Bazkarirako txartelak Zubiaurre, Galtzaundi eta Atari tabernetan daude salgai, helduentzat 15 euroan eta haurrentzat 7 euroan.