Zurekin gaude Minde

Erabiltzailearen aurpegia Laida Zubillaga eta Gaizka Altuna, Ibarrako zure kuadrilla osoaren izenean 2019ko mai. 29a, 19:58

Badira aste batzuk, lagunartean poztasun berezi bat antzematen genuela. 17 urteko erbeste eta espetxealdiaren ondoren, Maite gure artean zen, besarkada eta poz malkoen artean. Ibarra, preso eta iheslaririk gabeko herria zela ospatzeko unea iritsi zitzaigun, azkenean. Ederki ospatu genuen, bai horixe!

Gogor kolpatu du gure belaunaldia errepresioak eta bereziki tematu da gertuko lagunartearekin; Eider eta Ekaitz eraman zizkiguten lehenik, Maite, Minde.....ondoren.

Haritz, Gaizka, En?aut, Josu, Mikel, Jon, Gari, Goar, Ibon... In?igo eta Gariren deserria...

Tortura basatiak, urte luzeetako dispertsioa eta espetxeko baldintza gogorrek, zein erbesteak, sufrimendu eta neke latza ekarri digute eta amesgaizto hori bukatzeak sekulako zama kendu digu guztioi.

Gutxi iraun digu, ordea, poz eta lasaitasun sentsazio horrek. Berriki egunkarietan irakurri dugun berri batek astindu ditu gure barrenak beste behin, ETAren espetxe frontea delakoa osatzea egotzita, 47 lagun epaituko dituzte auzitegi nazionalean, tartean, Minde, gure laguna.

Haserre gaude, kezkatuta, triste. Amesgaiztoa bukatu zela uste genuenean kolpatu gaituelako berriro errepresioaren mamuak, ustekabean.

Fiskalak 8 eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu, 601 urte denera, eta 15 urteko eskaera Minderen kasuan. Hori nahikoa ez balitz, beste 4 eta 8 urte arteko zaintzapeko zigorra eta 11.600 euro isunetan.

Atsekabez jaso dugu berria, ulergaitza egiten zaigu oraindik betikoek mendekuan oinarritutako politikarekin jarraitzeko duten obsesioa. Beste behin ere konponbidearen aurka eginez, euskal jendartean samina eta etsipena zabalduz.

2013ko irailean Herriraren aurka eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak.

2015eko urtarrilaren 12an atxilotu eta Aranjuezen 13 hilabetez espetxeratu zuten Minde, 20.000 euroko bermea ordaindu eta aske geratu zen arte. Aurrez, 5 urte espetxean egona zen eta ondotxo ezagutzen ditugu espetxe politika anker honen ondorio gordinak.

Badakigu akusazioek ez dutela ez hanka eta ez bururik. ETAko kide izatea eta haren aginduetara egotea leporatzen diete, noiz eta ETAk berak armak utziak zituela iragarri eta desegiteko borondatea agertua zuenean.

Ez al da tresneria judizial eta juridikoa behingoz egoera politikora egokitzeko garaia? Noiz arte mendekuan oinarrituriko iraganeko politikak? Ez al dugu eskubiderik behingoz bakean eta askatasunean bizitzeko?

Minde ezagutzen dugunok, badakigu preso eta iheslariak etxera ekartzeko konpromiso sendoa duen pertsona dela; gutako norbait espetxean edo erbestean egotea egokitu zaigunean uneoro gure alboan egon dela; konponbidearen alde eta preso eta iheslariak etxeratze bidean, umil eta zintzo bere onena eman duela, eta bide horretan, azken errepresaliatua ekarri arteko borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa duela. Eta horixe da hain zuzen, irailetik aurrera epaituko dena, euskal errepresaliatu politikoekiko elkartasuna eta konpromisoa.

Bakeak espetxeak hustea eskatzen du, ez haiek euskal herritar gehiagorekin betetzea! Guri ere badagokigu, noski, norabide horretan indarra egitea.

Ez gaude bidegabekeri berri hau onartzeko prest eta hori ekiditeko gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude.

Bukatzeko, Minde eta senideei gure babes, elkartasun eta maitasun osoa azaltzeaz gain, momentu gogor hauetan beraien ondoan egongo garela adierazi nahi diegu.

Konponbidearen aurkako eraso berri hau salatzeko, zein oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko aldarrikatuz, auzipetuek nazio mailan prestatzen ari diren mobilizazio herritarrean, zein Ibarran bertan antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

Ez dugu herrian preso gehiagorik behar, ez dugu preso gehiagorik nahi! Bakean bizi nahi dugu, askatasunean.

Minde, Oihana, zuekin gaude!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!