Alzira liderrak Laskorainen aurka zuen, Tolosan, eta 1-4 irabazi zuten. Ibartarrak partida horri begira ere izan ziren, eta lehen zatian 1-2ko markagailuarekin bukatu bazen ere, bigarren zatian liderrak nagusitu ziren.
Azkenean ez da posible izan areto futboleko Lauburu Ibarra taldearentzat. Bere lanak egin zituen, larunbatean partida irabazita, baina Alzira liderrak ere irabazi zuen, eta beraz, horiek jokatuko dute igoera fasea. Lauburu bigarren postuarekin konformatu beharko da. Aitzol Oiarbide kapitainak azaldu duenez, «momentuan pena izan genuen, igoera fasea jokatzeko aukera horren gertu izanik. Gero, denboraldi osoko balantzea eginik, urte ikaragarria egin dugula ikusi dugu eta oso pozik gaude. Datorren denboraldirako gogo gehiagorekin uzten gaitu, eta hori ere pozgarria da taldearentzat». Iaz hirugarren postua lortu zuten, eta aurten azken unera arte egon dira lehen postuaren lehian. «Ikusi dugu lehen postua gertu egon daitekeela, eta datorren denboraldiari begira helburu nagusienetakoa hori izango da», esan du Oiarbidek. «Saiatu, behintzat, egingo gara».
Zierbenaren aurka 5-4 irabazi zuten Belabietan larunbateko partidan. «Oso indartsu atera ginen eta segituan 3-0 jarri ginen. Taldea oso motibatuta zegoen. Esfortzu fisiko handia suposatu ziguten aurkariek, eta partidan zehar 5-0 irabazten joan arren, bukaeran sufritu egin genuen».