Frankismoak errepresaliatutako herritarrei omenaldia

Irati Saizar Artola 2019ko mai. 21a, 08:59

'1968, Gipuzkoa salbuespen egoeran' liburua aurkeztu zuten, ostegunean, Ibarran eta, bide batez, frankismo garaian errepresioa jasan zuten herritarrei aitortza egin zieten.

Iaz 50 urte bete ziren Espainiako Estatuak Gipuzkoan salbuespen egoera ezarri zuenetik, eta horren harira idatzitako 1968, Gipuzkoa salbuespen egoeran liburua aurkeztu zuten, ostegunean, Ibarrako kultur etxean. Aranzadi zientzia elkarteko eta EHUko hainbat ikerlarik hartu dute parte liburuan, eta Pako Etxeberria auzitegi-medikua eta Javier Buces Aranzadiko ikerlaria aritu ziren liburuaren nondik norakoak azaltzen.

Aurkezpen ekitaldiaren amaieran, Ibarrako Udalak frankismo garaian errepresioa jasan zuten herritarrei eta haien senideei aitortza eta omenaldia egin zien. Besteak beste, Julia Alijostes eta Eduardo Osa ibartarrak izan zituzten gogoan, eta haien iloba omendu zuten, errepresioa jasadako Inazio Aranalde eta Eugenia Sarasola herritarrekin batera. Agurra dantzatu zieten, eta liburuaren ale bana jaso zuten opari. Mikel Agirrezabala Ibarrako alkateak hartu zuen hitza eta, liburua egiten hartutako lana goraipatzeaz gain, herritarrei zuzendu zitzaien: «Errepresioa jasan zuten herritarren izenak publikoki errekonozitu, eta herritarren aurrean, duintasunez, balioa eman nahi diegu». Aitortza eta errekonozimendu hori, «balioa eman behar diegu, eta udalok eta administraziokoek lanean hasi behar dugu lan hori egiteko. Gaurkoa, nire ustez, Ibarran bide horren hasiera bat da», esan zuen Agirrezabalak.

Liburuan, Julia Alijostes eta Eduardo Osa bikote ibartarraren gertakariak jaso dituzte, baita Eugenia Sarasola eta Inazio Aranalde herritarrarenak ere. Bucesen arabera, «Julia Alijostesen kasua berezia da». Izan ere, errepresaliatu gehienak gizonezkoak izan ziren, eta erbesteratuetatik soilik sei ziren emakumeak; horietako bat, Alijostes. «Hamahiru egunez eduki zuten inkomunikatuta». Jaenen egon zen bost hilabetez, bere etxetik 723 kilometrora; Inazio Aranalde, berriz, Huelvan egon zen, 926 kilometrora, eta Eduardo Osak 6 urteko espetxe zigorra bete behar izan zuen.

ATZERA BEGIRA

ETAk Meliton Manzanas poliziaren inspektore burua tiroz hil ostean, jarri zuten indarrean salbuespen egoera Gipuzkoan, 1968ko abuztuaren 3an. Egun horretan hasi, eta zortzi hilabeteko tartean errepresioa nabarmen gogortu zen. Bucesen arabera, «ezaugarri nagusia oposizio aktiboenaren aurkako errepresio orokorra izan zen; egunerokoak ziren etxebizitzen miaketak, atxiloketa masiboak, erbesteratzeak eta tortura-kasuak».

Liburuaren egileek egindako dokumentazio lanari esker, errepresioaren biktima izandako 279 pertsona identifikatu dituzte. Horietatik 56 erbesteratu egin zituzten, 107 Ordena Publikoaren Auzitegian epaitu zituzten, eta, gutxienez, 21 epaiketa militarretan zigortu. Horrez gain, 79 atxilotuk salatu zituzten torturak, salbuespen egoerak iraun zuen zortzi hilabete horietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!