Ibarrako kale garbiketa zerbitzua hobetzea onartu dute

Irati Urdalleta 2019ko mai. 15a, 09:00

Kale garbiketarako baliabideak gehitzeaz gain, Tolosaldeko emakumeen etxeari eta euskararen mahaiari atxikipena eman zioten, Ibarrako Udalaren azken osoko bilkuran.

Azken osoko bilkuran onartutako aldaketei esker, kale garbiketarako makina berria edukiko dute eta astelehenetan, ohikoaz gain, zerbitzu osagarri bat egingo dute, presiozko makinarekin gune zehatz batzuen garbiketa indartuz. 230.000 euroko kostua izango dute guztira zerbitzu horiek, hau da, orain artekoa baino 45.000 euro altuagoa.

 

Horrez gain, Ibarrako Udalak hainbat atxikipen adierazi zituen udal pleno berean. Alde batetik, Tolosaldeko emakumeen etxearen egitasmoa onartzeko eta hura garatzeko deklarazio instituzionala babestu zuen eta beste aldetik, Tolosaldeko euskararen mahaiaren inguruko konpromiso adierazpena onartu zuen.

 

Gainera, Tolosaldeko emakumeen etxearen inguruan, hainbat konpromiso hartu ditu Ibarrako Udalak. Hala nola, egitasmoa babestea, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak ematea, proiektua sozializatu eta ikusgarri egitea... Tolosaldeko euskara mahaiari dagokionean, eskualde ikuspegiko hizkuntza plangintzarekin bat egin du Ibarrako Udalak eta mahaia garatzeko prozesuan parte hartzeko ardura zein adostutako ekimen zehatzak ekonomikoki sustengatzeko konpromisoa hartu du. Izan ere, udaletik adierazi duenez, Tolosaldeko euskararen mahaiaren misio eta helburuekin bat egiten dute, batez ere, eskualdean euskara indarberritu eta bere erabilera normalizatzea nahi dutelako, benetako komunikazio eta kohesio hizkuntza nagusia izan dadin bere lur eremu osoan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!