Ibarran, eraso sexisten aurkako protokoloa sortu eta esplikatu dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 10a, 18:30

Ibarrako Gazte Asanbladako kideek, hainbat herritarrekin batera, agerraldia egin dute gaur arratsaldean herriko plazan, "uda honetako gertakarien harira" burututako prozesua eta ondorioak azaltzea.

"Uda honetan herrian emandako gertakarien harira, Ibarrako Gazte Asanbladako kideak ohartu ginen eraso sexisten aurrean jarduteko eta hauei neurriko erantzun bat emateko gabezi handiak nabari zirela herri mailan", azaldu dute ibartarrek. Horren aurrean, eraso sexisten aurkako protokolo bat eratzen hasi ziren, "zenbait herritarren adostasuna ikusita eta udako gertakariek eragindako inpotentzia eta haserre guztia antolatu asmoz".

Ikasturte hasieran hasi ziren "prozesu luze eta konplexuarekin". Helburua argi zuten: "Emakume langileok jasaten ditugun eraso sexistei erantzun irmo bat eman eta hauek ekiditera bidean pausoak ematea". Modu horretara hasi ziren protokoloa eratzen, "gehienbat erantzuteko gaitasun eza nabaritu genuelako". Gazte asanbladakoen esanetan, "ez dugu nahi herrian horrelako erasoek inongo legitimitaterik izan dezaten; herri guztia posizionatzea bilatzen dugu, erasotzaileek garbi ikusi dezaten gure artean ez daukatela inongo lekurik".

"Ez dugu sinisten gureak ez diren lege eta justizia ereduan"

Ibarrako Gazte Asanbladako kideek beste behar bat ere ikusten dute, eta horrela azaldu dute agerraldian: "Pentsatzen dugu pixkanaka gaitasunak irabazten joan behar dugula eraso hauetaz gure kabuz babestu ahal izateko; geureak ez diren instituzioen babesa ez baitzaigu nahikoa iruditzen, eta beharrezkoa ikusten baitugu erasotzaileen aurka herri guztia elkartzea, ez baitugu sinisten gureak ez diren lege eta justizia ereduan, ezta hauek babesten dituzten instituzioetan ere. Soilik gure antolakuntza eta autodefentsaren bitartez lortuko baitugu eraso hauei erantzun irmo bat eman, eta etorkizun batean ekiditea".

Eraso sexisten aurkako protokoloa: 5 helburu eta 4 zati

Protokoloari bost helburu zehaztu dizkiote, hiru epe motzekoak eta bi luzekoak.

Epe motzekoak:

  1. Herri mailako eraso sexistak identifikatu eta hauei erantzuteko gaitasuna izatea.
  2. Erasoei erantzuna emateko garaian erreferente izatea.
  3. Eraso sexistekiko tolerantzia jaistea.

Epe luzekoak:

  1. Errepresio kasu guztiei erantzuteko gaitasuna irabaztea.
  2. Instituzio burgesetara jotzeko beharra ezabatzea.

Helburuez gain, gazte asanbladako kideek protokoloa lau zatitan banatu dute. Honela zehaztu dute zati bakoitza:

  • Erasoez jakinarazteko mekanismoak bereizi eta identifikatu ditugu, zeinetan lehenengo pauso gisan protokolo taldearen gmaila sortu dugun, erasoez ohartarazteko.
  • Erasoen inguruko informazioa nola sozializatuko dugun hausnartu eta zehaztu dugu.
  • Biktimarekin izan beharreko harremanaren inguruan eztabaidatu eta zenbait puntu finkatu ditugu.
  • Erasotzailearekiko hartu behar dugun jarrera zehaztu dugu.

Bestalde, erasoak ere hiru mailatan banatu dituzte, "hauen intentsitatearen, maiztasunaren eta ezaugarrien arabera". Mailaketa horretan, maila baxuko, ertaineko eta altuko erasoak bereizten dituzte; "bakoitzaren aurrean erantzun ezberdinak planteatuz".

Ibartarrei deialdia

Etorkizunean eraso sexistak egon ez daitezen "gaia seriotasunez hartzea eta zapalduon autodefentsa antolatzea" beharrezkotzat ikusi dute protokoloa lantzen aritu diren ibartarrek. Gainontzeko herritarrei ere deia luzatu diete, "protokolo hau martxan jartzeko garaian euren aletxoa jar dezaten". Izan ere, erredaktatua eta osatua egon arren, "praktikan jartzea falta zaigu, eta ezingo da praktikara eraman guztion inplikazio xumearekin ez bada". Ekarpenak egiteko aukera ere zabalik dagoela gogoratu dute: "Edozein herritarrek ekarpena egin nahi badu, batetik gonbidatua dago protokolo lantaldean parte hartzera, eta bestetik, protokoloak eskatzen dituen ekintzak aurrera eraman zein babesa ematea besterik ez da eskatzen duguna".

Amaitzeko, herritar oro animatu dute elkarlanean aritzera, "guztion artean lortuko baitugu emakume langileon aurkako eraso oro ekiditea, eta eraiki nahi dugun zapalkuntzarik gabeko gizarterantz pausoak ematea: erasoen aurrean erantzun kolektiboa!".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!