Hondakinak ateratzeko ordutegia zabaldu du Ibarrako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 8a, 08:59

Eguneko edozein ordutan atera ahalko da txartel bidez organikoa eta errefusa Ibarran; organikoa egunero eta errefusaren kasuan, astean behin.

Ibarrako Udalak organikoaren eta errefusaren edukiontziak txartel bidez irekitzeko ordutegia zabaldu egin du. Hiri-hondakinen birziklapen portzentaia handitzeko helburuarekin eta osasungarritasun zein garbitasun baldintzak mantentze aldera hartu dute erabakia.

Gaurtik hasita, nola hondakin organikoa, hala errefusa eguneko edozein ordutan atera ahal izango dute herritarrek dagozkien edukiontzietara; organikoaren kasuan egunero, eta errefusaren kasuan, astean behin. Etxean pixoihalak dituztenen kasuan, errefusa ere egunero eta edozein ordutan atera ahal izateko aukera dute. Horretarako, txartela behar bezala aktibatu beharko dute.

Ordutegi zabalpen horrez gain, udalak hondakin organikoa ateratzeko baldintzak gogorarazi nahi izan ditu: «Hondakin organikoa poltsa konpostagarrian sartu eta korapilo bat eginda bota behar da edukiontzira; poltsa konpostagarriak erabili behar dira nahitaez, bestela ez baita konpostaje plantan onartuko eta soilik materia organikoa sartu behar da».

Hartutako erabakiekin, herriko txukuntasuna eta bizikidetza bermatu nahi ditu udal taldeak, eta batez ere «eragiten duten kaltea ahalik eta txikiena izan dadin», hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten beste hainbat informazio gogorarazi dituzte. Bolumen handiko hondakinak edukiontzien ondoan utzi behar dira eta ateratzeko eguna zehaztuta dute: asteazkenetan, 20:00etatik aurrera atera behar dira ostegunean bildu ditzaten. Aurrez, udaletxean jakinarazi behar da. Hondakin arriskutsuak San Inazio auzoan dagoen etxolan utzi behar dira, baita pilak ere. Azken hauek, laster herriko komertzioetan jarriko dituzten kaxetan bota ahalko dira. Azkenik, garbigunea ere erabilgarri dagoela gogorarazi nahi dute, etxeko obra hondakinak, etxe-tresnak, bolumen handiko altzariak, enbalajeak eta txatarra biltzeko; Tolosako San Blas auzoan aurkitzen da garbigunea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!