'Arria V.a'-k 5 Kiroleko finala jokatuko du asteazkenean

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 29a, 12:36

Txapelketa berezi honen lehen edizioa jokatzen ari dira herri kirolariak. Harri jasotzen, aizkoran, txingekin, ingudearekin eta trontzan neurtuko dituzte indarrak.

5 Kirol Txapelketaren finala jokatuko da maiatzaren 1ean, asteazkenean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bertan izango da Xabier Orbegozo Arria V.a. Ibarran bizi den errezildarraren bikotea Eizmendi izango da. Aurkariak, aldiz, Atutxa II-Urruzuno.

Txapelketan parte hartu duten bikote guztiak harri jasotzaile eta aizkolariz osaturikoak izan dira. Arria V-Eizmendiren kasuan, finalera pasatzeko Larrañaga eta Peña utzi behar izan zituzten kanpoan. Txapelketari hasiera eman zion lehia izan zen. Atutxa II-Urruzuno, aldiz, finalera denborarik onena markatuz iritsi dira.

Finala 12:00etan hasiko da Bizkaia pilotalekuan. Bikote bakoitzak bost ariketa egin beharko ditu:

  • Harri jasotzaileek 100 kiloko kopari 100 jasoaldi
  • Aizkolariek 45 ontzako 12 enbor
  • 50 kiloko txingekin esku bakoitzean 12 plaza
  • 18 kiloko ingudea 150 aldiz jaso
  • 45 ontzako enborretik hamar mozketa egin trontzan

 Emakumeen kirola ere presente egongo da

Garazi Arruti eta Nerea Egurrolak marka saiakera egongo dute 5 Kirol txapelketaren jaialdian. 2006ko uztailan Xanta Sousak lortutako marka hobetzen saiatuko dira. Jatorri brasildarreko lesakarrak 55 plaza egin zituen esku bakoitzean 25 kiloko txingekin.

Sousak Ziekon ospatu zen txapelketan errekorra lortu zuen eta Garazi Arrutik bigarren postuan lortu zuen. Nerea Egurrola sarritan neurtu da Xanta Sousarekin, Loiu Larrakoetxe Sari Berezian, besteak beste, non azaroan Basque Sports-ek bere burua aurkeztu zuen. Loiun bizkaitarrak Sousari irabazi zion, baina 55 plazako (1.540 metro) errekorra urrun geratu zitzaion.

 Sarrerak salgai

Asteazkenerako sarrerak salgai daude www.basquesports.eus webgunean edota Maruri-Jatabeko 'Mailluki Taberna'n , Gatikako 'Alboka Taberna'-n, Gatikako Nagusien Etxean eta Loiuko 'Aurregoiti' jatetxean lor daitezke eta finaleko egunean Bizkaia Frontoiko leihatilak irekiko dira ere. Hamasei urte edo gazteago direnak doainik sartuko dira, www.basquesports.eus webgunean bere sarrera erreserbatu ondoren. Herri kiroletako federatuentzat eta hamar pertsona baino gehiagoko taldeentzat deskontu bereziak daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!