«Kartzelak suntsitu egiten du, eta emakumea bereziki»

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 24a, 17:53

Ia 17 urte igaro ditu etxetik kanpo; damurik ez duela dio, baina, kontatu du, mina eta nahia barruan eraman dituen sentimenduak direla.

Martxoaren 11n geratu zen aske Maite Aranalde (Ibarra, 1982) Soto del Real espetxetik. Bere burua kokatu behar duela dio, «aldatuta» nabari duen gizartean egokitzeko. Epaiketaz, emakumeez eta espetxeaz, dispertsioaz edota minaz aritu da solasean, TOLOSALDEKO ATARIA-rekin.

Nola joan dira lehen asteak?

Ondo. Eromen pixka bat izan da, jende asko gerturatu zaidalako. Oso pozik eta eskertuta nago, maitasun handia jaso dudalako.

Aske geratu zinen eguna nola gogoratzen duzu?

Emozio handikoa izan zen, oso polita. Jakinarazi zidatenean, etxera deitu nuen, eta ordurako etxekoek bazekiten, eta Madrilerako bidean jarrita zeuden. Kartzelako neska guztiak agurtu nituen. Kolektiboko kiderik ez dut izan Madrilen, ezta euskaldunik ere. Agurra emozio handikoa izan zen, han uzten nuenagatik, harreman onak egin ditudalako, eta espetxeko egoera gogorrean jarraitu beharko dutelako.

Sei hilabete egin dituzu Soto del Realen.

Bai. Lehenengoa isolamenduan, eta gainerakoak moduluan.

Orotara ia 17 urte igaro dituzu etxetik kanpo.

Frantzian, lehenbizi, espetxean lau urte eta erdi Espainiara estraditatu ninduten, kalean geratu nintzen, epaileak atxilotze agindua eman zuen, eta alde egin nuen berriro. Hilabete gutxira, Baionan atxilotu ninduten. Han 8 urte eta erdi egin nituen eta, gero, Madrilgo azken etapa hau.

Orain epaiketaren zain zaude.

Hilabeteak edo urteak igaro ditzaket epaiketaren zain. Epaiketa gauzatu daiteke, edo azkenean absoluzioa eman. Ziurgabetasun horretan nago, libre geratzea edo urte askorako espetxeratzea gerta baitaiteke. Nahiko baikorra naiz, baina ezin da jakin.

Zer da egozten dizutena?

Abenduaren 6ko konstituzioaren aldeko egun batean, gasolindegi batzuetan lehergailuak jarri izana. Ez dago horren frogarik, ez dago funtsik. Horregatik espero dugu, azkenean epaiketa bertan behera geratzea.

Zer asmo dituzu?

Lehendabizi, kokatzea, nere lekutxoa egitea. Gauzak asko aldatu dira: gizartea, lagunartea, ni neu... Nire denbora beharko dut. Kartzelan eutsi baldin badiot, kalean ere lortuko dut. Lanean hasteko ere gogoa dut, eta baita herri mugimenduetan jarraitzekoa ere.

Zertan aldatu zaitu espetxeak?

Zahartu egin naiz, dagoeneko ez ditut hogei urte, beraz, nahitaez aldaketa bat dago. Bakardade handia bizitzen duzu espetxean, eta, azken asteetan, espetxetik atera ondoren, jende askorekin egon naiz. Batzuetan bakardade horren beharra ere sentitzen dut, eta sentimendu horren aurka egin eta gizarteratzeko ahalegina egin beharra daukat. Beldurrak ere baditut, esaterako, lanerako edo gizartera egokitzeko gai izango ote naizen.

Gizartea zertan aldatu dela ikusi duzu?

Lagunartean familiak eratu dituztela ikusi dut, logikoa den moduan. Baina, nik ez dut egin, eta orain ikusi beharko dut hori nahi dudan edo nola nahi dudan hori egin. Etorkin ugari ikusten ditut kalean, eta deigarri egiten zait, lehen ez nituelako ikusten. Mobilarekin lotuta dagoela jendea ikusten dut, baita ni ere, eta pentsatzen dut, neurri batean, preso ez ote gaituen egiten.

Damurik izan al duzu hautatu duzun bideak ez dizulako beste bizitza bat egiten utzi?

Damua ez. Mina sentitu dut une batzuetan, eta, gogoa ere, batzuetan besteetan baino handiagoa. Oraindik gaztea naiz eta denbora daukat. Ikusiko dut. Preso dauden gurasoen sufrimendua azpimarratzen dugu, seme-alabekin egon ezin dutelako. Baina, ama edo aita izan nahi eta ezin dutenak ahazten ditugu. Normalean ama izan nahi dutenak izaten dira. Nik pertsonalki ondo jasan badut ere, ezagutu ditut arrazoi horregatik zama handia duten kideak.

Ez da berdina, eta espetxean bereziki, emakumea edo gizona izatea.

Emakumea kartzelan bi aldiz zapaldua da. Preso politikook bisitak izaten ditugu, baina sozialek ez dituzte izaten. Bisitan joaten direnak ere, normalean, emakumeak dira; ama, bikotekidea. Emakumeek kartzelan, berriz, ez dute ia bisitarik. Beste emakume batekin ere izan ditzakezu harremanak, noski. Nik pertsonalki, beti gizonekin izan ditut harremanak, eta kartzelan ireki egin naiz. Eta oso kontentu nago beste emakumeekin maitemindu eta harremanak eduki izanaz.

Azken urteetako martxoaren 8ak desberdinak izan dira. Nola bizitu dituzu espetxetik?

Emozio handiz. Dena den, faltan bota dut presoez hitz egitea. Euskal Herrian badakit aipatu dela, baina, oraindik lan handia dago arlo honetan. Kartzelak pertsona suntsitzen du. Kartzela zigorra da, zapalkuntza, mendekua. Eta emakumeentzat bereziki. Gizarteak nahi duen emakumearen eredutik aldentzen da, preso dagoen emakumea. Emakumeak, ziurrenik, erruduntasun handiagoarekin bizi du, eta ateratzean gogorragoa egingo zaio gizarteratzea. Nire kasuan, etxea dut, familia gainean, eta herria nirekin, babesten eta laguntzen. Baina, normalean, emakumeek bestelako egoera izaten dute zain.

Eskualdeko hamar preso daude dispertsioak urrunduta. Nola baloratzen dituzu gertatu diren mugimenduak?

Frantzian izan direnak positiboki baloratzen ditut. Mugimenduak egon badira, Ipar Euskal Herrian eman den mugimendu zabal eta indartsuari esker izan da. Uste dut badugula, Hegoaldean, zer ikasi hortik. Espainian, berriz, esan zenetik egin denera alde handia dago. Hurbilketa guztiak, txikiak izanagatik, pozik hartzen ditut. Baina ez da nahikoa. Asmatu beharko dugu Espainiako Gobernua sakabanaketa eta urrunketarekin amaitzera behartzeko modua.

Gizartea aldatu dela esan duzu. Politikan zer aldaketa nabarmentzen dituzu?

Alde egin nuenean borroka armatua egiten genuen, eta hori bukatu egin da. Aldaketa handia da hori. Baina, arazo berdinekin jarraitzen dugu, beraz, borroka egiteko arrazoi berdinak edo gehiago ditugu. Bestetik, feminismoaren indarra nabari dut, pentsiodunena, euskalgintzarena, Gure Esku Dago... Gutako bakoitzak duen indarraz, burujabetzaren ideiaz kontzienteago dira herritarrak, eta horrek indar handia ematen dit. Euskal errepublikaren bidean, ea indar hori bideratzen dugun.

Kataluniako prozesua, esaterako, espetxetik jarraitu duzu.

Ilusio eta inbidia puntu batekin bizitu dut. Indar handia eman dit horrek ere. Ikusi da arazoa ez dela borroka armatua. Herri batek bere etorkizuna erabaki nahi badu Espainiatik eta Europatik ez dute onartuko, guk ez badugu indarrez aurre egiten.

Eman dizuten babesa nola baloratzen duzu?

Ez dakit hitzekin azal dezakedan. Lehenbizi etxekoena: ama, aita, anaia, umeak, amona, koinata, izeba-osabak, lehengusuak, lagunak... Etxekoak babesten egon den ezker abertzalea eta kolektiboa ere bai. Hori guztia gabe, ziurrenik, ez nintzen hemen egongo. Uste dut ezetz. Jende asko gerturatu zait. Poza sentitzen duzu, desadostasunak desadostasun, eman dugunari babesa erakusten diolako jendeak, errekonozimendu modukoa da. Indarra ematen dizu, eta harro sentitzen zara gure herriaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!