Emakumea eta kartzela, azken ostiralerako

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 28a, 10:00
Iaz Gaztelun ospatutako Elkartasun Eguna

Hileko azken ostirala izango da biharkoa eta Ibarran elkarretaratze berezia egingo dute; Elkartasun Eguna ere izango dute larunbatean.

Hilabeteak dira Ibarrako hileko azken ostiralak modu ezberdinetan planteatzen dituztela. Herriko hainbat eragilek hartu zuten hilero, hitzordua antolatzeko ardura, eta oraingo honetan eta martxoa dela kontuan hartuta, emakumeak izan dira hilabete honetako azken ostirala antolatzeko egitekoa hartu dutenak, eta gaia emakumea eta kartzela izango da.

Antolatzaileek esan dutenez, 35 emakume preso daude egun, euskal presoen kolektiboaren %14, eta 22 espetxetan daude sakabanatuta; 26 Espainian daude eta 9 Frantzian. Datu horiek ikusaraziko dituzte ostiraleko mobilizazioan, eta baita, 5 haur bizi direla espetxean euren amekin. 14 emakume preso bakartuta daudela ere salatuko dute. Mobilizazioa 19:30ean hasiko da. Ibarra sarreran bilduko dira eta elkarretaratzea egin ondoren, giza-katean joango dira plazaraino.

Antolatzaileek gogoratu dute Ibarran badela ospatzekorik, izan ere, Maite Aranalde kartzelatik atera berri da. «Poz hori adierazteko aukera izango dugu larunbatean», esan dute. Izan ere, larunbatean Elkartasun Eguna egingo dute Ibarran bertan. 2002an egin zuten Elkartasun Eguna Ibarran, garai hartan hainbat ibartar atxilotu zituztela eta, «eta orain berriz ere egingo dugu, baina oraingo honetan Maite gurekin dago. Ezin dugu ahaztu, hala ere, beste hainbat preso dagoela oraindik Espainiako eta Frantziako kartzelatan eta hori ere salatuko dugu, eskualdean 10 preso daude oraindik».

Ekitaldia eta bazkaria
12:30ean ekitaldia egingo dute plazan, eta ondoren herri bazkaria egingo dute. Txartelak Zubiaurre, Atari, Galtzaundi eta Danon tabernetan erosi daitezke. Ikasle eta langabetuek 15 euro ordaindu beharko dute eta langileek 18 euro. 699 93 67 73 telefono zenbakira deituta ere gorde daitezke txartelak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!