Legealdiaz «oso balantze positiboa» egin du udal gobernuak

Jon Miranda Labaien 2019ko mar. 13a, 12:58

Ibarra «erosoago, erakargarriago eta justuago» bat egiteko lan egin duela esan du EH Bilduk, kudeaketa «arduratsu eta eraginkor» bat eginez, hurrengoei aukera berriak zabalduz

Ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera iragarri du Mikel Agirrezabala alkateak, 2015 - 2019 legealdiaren balorazioa egiteko agerraldian. Barne ikuspegitik aro berria «berandu» datorrenaren sentsazioa dutela aitortu dute EH Bilduko kideek, «baina garbi daukagu erronkari behar den moduko erantzuna emateko momentua orain heltzen ari zaigula», esan dute.

EAJk 2004an hasi zuen prozesu bat amaitzea lortu du EH Bilduko udal gobernuak: «Beraiek ez ziren gai izan Ibarrara egokitutako hirigintza plan bat onartzeko zortzi urtetan eta gu bai. Ibartarrok Ibarran jarraitzeko baldintzak sortu ditugu eta orain horren garapena dugu helburu». Zentzu horretan, kudeaketa «arduratsu, eraginkor eta justua» egin dutela uste dute koalizio abertzaleko kideek eta hurrengo udal gobernuari «tresna berriak eta aukera ekonomiko zabalak» utziko dizkiotela uste dute.

LORPENAK ZERRENDATUTA

Udal gobernuaren izenean Agirrezabalak esan du lana «gainezka» izan dutela lau urte hauetan. «Apustu asko genituen eta berriak sortu zaizkigu eta sortzen ari dira. Zalantzarik ez dugu dena eman dugula eta lan guztiak ez amaitu izana ere onartzen dugu, baina hori uste dugu hemendik pasa diren guztien sentipena dela».

Legealdi hasieran, erronka nagusiak zituzten begi jota eta ibartarren eguneroko arazoei irtenbidea ematen saiatu direla aipatu dute EH Bilduko kideek. Aurrera begira, oinarri eta abiapuntu izango diren egitasmoak onartu izana ere aipatu dute, besteak beste, hirigintza plan orokorra, «etxebizitza beharra, aparkaleku arazoa eta beste hainbat behar asetzeko asmoz garatu beharko dena».

Hauek dira zerrendatu dituzte egitasmoak:

Hirigintzan: Plan orokorra egin eta onartu. Orain garapenerako kontaktuetan dabiltza (etxebizitza beharra, aparkaleku arazoa eta beste hainbat behar asetzeko asmoz); Apatta industriaguneko bigaren fasearen tramitazioa.

Gazterian: Gaztezulo zerbitzua martxan jarri eta iaz baliabideak handitu; Gazteria Mahaia sortu; Gazteen alokairua sustatu.

Berdintasunean: Ibarrako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egin; Dinamizatzailearen kontratazioa; Ibarran indarkeria sexistari aurre egin nahi dioten emakumeen arreta egokia bermatuko duen koordinaziorako lehen protokoloa.

Kulturan: Txonxo balio anitzeko lokala egokitu; Kultur etxeko areto nagusia egungo teknologietara egokitu; kultur ekintzak sustatzen jarraitu.

Gizarte Zerbitzuetan: Ibarra Martxan abiatu dute, zahartze aktiboa, osasuna, sozializazioa eta herriko elkarteen arteko hartu-emana eragin du; Gizarte Zerbitzuen Mapa udalera egokitzen hasi dira, udalaren aldetik inbertsioa handitu da horri aurre egiteko.

Kirolean: Kiroldegiko instalazioak hobetu dira (kantxako argiteria aldatu, spa gela berritu, inpermeabilizazioa, makina berriak, materiala...); Kirol plana martxan jarri da.

Ingurumenean: Udal eraikinen energia diagnostikoak egin eta hobekuntzak egin dira; Kaleko argiteria hobetu da; hondakinen kudeaketa hobetzen joan da, eta lanean ari da udal gobernua, mankomunitatearekin batera hobetzen joateko.

Merkataritzan: Perco-a garatu da, merkataritza sustatzeko plana, Ibarrako Merkatari Elkartearekin batera.

Nekazaritzan: Piparraren mahaia sortu da; Piparraren liburua martxan da.

Udaltzaingoan: Ibarrako I. Zirkulazio ordenantza egin; Udaltzainen taldea sortzeko urratsa eman da.

Obra eta zerbitzuetan: Kale garbiketa hobetzeko pausoak eman dira; Herriko irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartu dira auzo ezberdinetan; Puntu beltzak deklaratu eta neurriak hartu dira; Mantentze lanak egin dira; Emeterio Arrese, hilerria eta Apatta industriaguneko bidea berreskuratu da.

Izaskunen: Frontoia egitea aztertu eta lursaila erosteko pausoak eman dituzte eta beste kokaleku bat aztertzen ari dira; Izaskunerako bidea hobetzen joan dira, fase bat egin da eta bigarrena bidean dago.

Euskaran: Kale-erabilera neurtu eta horren berri eman zaie herritarrei; Erabilera areagotzeko asmoa: Ibarra-barra euskaraz; Euskara taldea sortzeko lehen pausoak; Euskara ikastea doan; Diru laguntzak euskarazko hedabideei.

Hezkuntzan: Herriko hezkuntza proiektua bultzatu, Hazi eta hezi.

Udararako begirako aisialdi gunean: Errekan bainurako gune bat aztertzen aritu dira, oraingoz egiterik izan ez bada ere.

Legealdiaren azken txanparako «gogoz» daudela aipatu du Agirrezabalak eta bi hilabete hauetan lana «erruz» egingo dutela esan du.

Martxoaren amaierarako kreditu aldaketa lantzen ari dira eta erabaki batzuk ere hartuko dituztela iragarri du. Bide batez, lau urteotan bidelagun izan direnei eskerrak emanaz amaitu du agerraldia.

Erlazionatuak

Mahalara bisita

Tolosaldeko Ataria 2019 mar 13 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!