Ibarrak brontzea lortu du 600 kilotan

Ataria 2019ko otsailaren 25a

Gizonezkoetan finala jokatu da; emakumeetan bigarren jardunaldia, kasu horretan, 500 kilotan.

Bilboko Txurdinagan, larunbatean, 600 eta 500 kilotan, Euskal Herriko Soka tira Txapelketaren jardunaldi berria jokatu zen. Gizonezkoetan finala eta emakumeetan bigarren jardunaldia.

600 kilotan txapelduna Beti Gazte izan zen, aurreko bi jardunaldietako maila mantenduz. Murueta izan zen bigarrena. Gora egin zuen taldea Ibarra izan zen, hirugarren sailkatuz. Lehen bi jardunaldietan postu horretatik urrun ibili ziren ibartarrak. Ñapurrak izan zen laugarrena, Gaztedi eta Berriozarren aurretik.

Martxoaren 2an Laukitzen 560 kilotako txapelketa hasi eta bukatuko dute gizonezkoek, jardunaldi bakarrera jokatuko baita.

500 kilotan, Txurdinagan, emakumeak bigarren jardunaldiko lehian aritu ziren. Lehen jardunaldian bosgarren amaitu ondoren, ibartarrek Bilbon hirugarren postua eskuratu zuten. Kasu honetan, sailkapena jardunaldi guztietan bildutako puntuekin egiten da. Ibarra hirugarren dago une honetan, azken jardunaldiaren faltan. Gaztedi eta Badaiotz parean geratu ziren Txurdinagan, 5,5 punturekin. Sailkapen nagusian Gaztedi doa lehen postuan, 11,5 punturekin. Badaiotz puntu bakarrera dago eta Ibarra 6 punturekin Txantrearekin berdinduta. Beti Gazte eta Antsoain dira azken sailkatuak. Hirugarren jardunaldia martxoaren 2an jokatuko dute Laukitzen. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!