Sokari tinko eutsiz

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 21a, 19:58

Argazkia: POTRONKO

Ibarra sokatira taldeko emakumezkoak 500 kilotan ari dira lehian, eta gizonezkoak 600 kilotan.

Denboraldi bete-betean sartuta daude Ibarrako sokatira taldeko tiratzaileak. Emakumeen taldean 500 kilotan lehiatzen ari dira, eta lehenengo jardunaldian bosgarren geratu ziren. Ainara Otamendi tiratzaileak azaldu duenez, «ez genuen atera nahi izan genuen taldea, baina lehia badagoela ikusi dugu, eta falta diren bi jardunaldietan gerra pixka bat emateko asmoarekin gaude». Gizonezkoetan, 600 kilotan ari dira lehiatzen. Bi jardunaldi egin dituzte, eta finalerako sailkatu dira. «Finalean, asmoa da, borrokatu, eta behintzat podiumean sartzea», esan du Joxe Mari Agirre tiratzaileak. «Bi jardunaldi horietan ez gara nahi bezain gustura aritu, baja dezente izan ditugu-eta».

Emakumeen txapelketan liga jokatzen dute, eta hiru jardunalditan lortzen dituzten puntuen arabera banatzen dira postuak. 500 kilotan, hasierako helburua podiumean sartzea zen. «Zail izango dugu, bosgarren postuarekin atzean geratu garelako, baina saiatuko gara, falta diren bi jardunaldietan erakusten, behintzat, hor egon beharko genukeela», esan du Otamendik.

Bi taldeek larunbatean izango dute saioa, Txurdinagan, Bilbon. Emakumezkoek bigarren jardunaldia izango dute, eta gizonezkoek finala.

Denboraldiaren bigarren zatian, zortzi tiratzailerekin aritzen dira, eta lehen zatian laukoarekin. Emakumezkoetan, hirugarren egin zuten laukoan. «Finalean sartzea lortu genuen, eta eman genuen itxurarekin gustura geratu ginen», esan du Otamendik. Zortzikoan, 540 kilokoan, podiumean sartu eta hirugarren postua lortu zuten. Aurtengo denboraldia berezia izaten ari dela esan du Otamendik: «Baja dezente izan ditugu, eta nabaritzen da tiratzaile beteranoen falta. Egia da neska gazteak animatu zaizkigula eta, beraien ilusio horrekin kutsatuta, ari gara emaitza batzuk lortzen. Eta hori baino garrantzitsuagoa: ikasten ari gara».

Gizonezkoetan, lau tiratzailerekin jokatutako txapelketetan, 320 kilotan, irabazi egin zuten eta, 300 kilotan, hirugarren izan ziren. Zortzi tiratzailerekin orain arte jokatutako txapelketetan, 680 eta 640 kilotan, bietan bigarren egin dute. Balantze «nahiko ona» egin du Agirrek, orain artekoaz: «Taldea osatu ezinik aritu ginen hasieran, azkenean osatu ahal izan dugu, eta emaitzekin oso gustura gaude».

Datorren martxoaren 9an izango dute, ibartarrek, azken txapelketa: mistoa. Lau emakumezkok eta lau gizonezkok osatzen dute taldea. Horrekin bukatuko dute denboraldia eta, ondoren, irailean hasiko dira, berriro, martxan. Otamendik zein Agirrek deialdia egin dute sokatira taldean parte hartzeko: «Etortzen diren guztiak gustura hartuko ditugu. Beti atea irekita dago, eta jendea animatzen dugu sokatira probatzera. Harrapatzen zaituen kirola da».

TIRATZAILEAK

Emakumezkoen taldea

Ainara Otamendi Elizalde, Andrea Aldazabal Merino, Oihane Sarasola Nosellas, Eresti Oiarbide Murua, Anne Belaunzaran Idarreta, Onintza Iraola Tolosa, Nerea Zubelzu Igoa, Lierni Arozena Zubizarreta eta Alaitz Olano Sotil.

Gizonezkoen taldea

Joxe Mari Agirre Albizu, Lander Otermin Muniain, Imanol Otermin Muniain, Patxi Xabier Eizagirre Ucin, Galder Ajuria Pison, Aritz Goiri Azkuenaga, Oier Urkola Arotzena, Aritz Ugarte Munduate, Mikel Lizartza Colomo, Joseba Olanda Urrejola, Galder Gobantes Abrisqueta eta Mikel Lasuen Churruca.

Argazkia: POTRONKO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!