Indarkeria sexistari aurre egin nahi dioten emakumeen arreta egokia bermatuko duen koordinaziorako I. protokoloa aurkeztu eta sinatu zuten atzo goizean, Ibarrako Udalean. Irati Ozaita politika feministako ordezkariak adierazi zuenez, protokoloaren helburua «indarkeria sexista pairatzen duten emakumeei babes eta arreta osoa bermatzea» da. Bestalde, «bide horretan beharrezko lanabes guztiak eskura jartzea ere garrantzitsua da, koordinazio egoki baten bitartez». Era berean, bitarteko horiek guztiak herritarren artean zabaltzea da nahia.
Protokoloaren diseinurako prozesuan zehar eragile ezberdinek hartu dute parte, eta, atzoko agerraldian, hartutako konpromisoa berretsi, eta dokumentua publikoki sinatu zuten honakoek: Irati Ozaita Ibarrako politika feministetako dinamizatzaileak, Mikel Agirrezabala oinarrizko gizarte zerbitzu eta Ibarrako Udaleko alkateak, Elixabete Ocaña Asuntzion klinikako finantza zuzendari eta berdintasun batzordeko kideak, Marisa Merino Tolosaldeko ESI-Osakidetzako kudeatzaileak, Iker Gibelalde Uzturpe ikastolako zuzendariak, eta Joxean Arzak Oriako ertzain-etxeko komisari buruak. Prozesu horretan Ibarrako Kaxkubi emakume elkarteak ere parte hartu du, baina ordezkariek ezin izan zuten ekitaldira agertu.
Indarkeria sexista egungo gizarteak duen «arazorik lazgarrienetako bat» dela esan zuen Ozaitak. «Arazo politiko, ekonomiko eta soziala da, emakume guztiak erasotzen dituena, izaera soziala, adina, estatusa, erlijioa, hezkuntza, nazionalitatea, edo bestelakorik edozein dela ere».
Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna «giza eskubideak urratzen dituen arazo estrukturala» dela nabarmendu zuen politika feministako ordezkariak: «Indarkeriari aurre egiteko jardun politikak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko landuko diren politiken barnean txertatu behar dira».
Era berean, herriko erakunde eta eragileen zereginaz hitz egin zuen: «Gure herrietako erakunde eta eragileek ezin dugu ardura saihestu, dagokigun erantzukizuna barneratu, eta gure artean koordinazio betebeharra dugu erantzun egoki eta integral bat eman asmoz».
URTEETAKO LANA
Badira zenbait urte Ibarrako Udalak gaiari heldu ziola. 2016an egin zuten Ibarrako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana, udaleko teknikari eta langile, ordezkari politiko eta herritarren laguntzaz. Plan horretan, aurretik egindako emakume eta gizonen berdintasun egoeraren diagnostikoa eguneratu eta osatu zuten. Hortik abiatuta, indarkeria sexistarik gabeko herria bilakatzeko neurriak zehaztu zituztela azaldu zuen Ozaitak. Aldi berean, 2018. urterako erronkatzat bildu zuten berdintasun planean honakoa: «Indarkeria sexista jasan duten emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko protokolo bat lantzea, horretan inplikatuta dauden erakundeen artean, eta adostutako protokoloa herritarren artean zabaltzea». Erronka hori hartuta osatu dute protokoloa.
Atzoko ekitaldian, Arantza Urruzola Tolosldea ESI-Osakidetzako erizaintzaren gainbegiraleak ere hartu zuen parte, eta protokoloaren garrantziaz aritu zen: «Indarkeria matxista kasu bat kudeatzeko garaian, pertsonari modu eraginkor batean lagundu ahal izateko koordinazioa hobetzea aberasgarria izan da».
PROTOKOLOAREN PRESTAKETA
Protokoloa egiteko Farapi Koop. Elkartearen laguntza izan dute. Herriko errealitatean oinarrituta diagnostiko bat egin zuten, eta Maider Eguzkitza elkarteko kideak azaldu zuenez, «partaidetzan oinarritutako prozesu bat» izan zen. «Benetako partaidetza bermatze aldera, prozesuan parte hartu duten guztien arteko eraikuntza kolektibo bat bideratu nahi izan da, iritziak konpartitzetik haratago doana».
Protokoloaren oinarriak finkatzeko, lau saio egin zituzten iazko urte amaieran. Saio horiek, zenbait beharrei erantzuna emateko balio izan zutela ondorioztatu zuen Eguzkitzak: «Eragileek elkar ezagutzeko, besteek burutzen dituzten funtzioetan sakontzeko, eta ikuspegi bateratuak fintzeko balio izan zuten; talde kohesioa lortzea behar-beharrezkoa baita».