Ibarrakoak bosgarren, 600 eta 500 kilotan

Ataria 2019ko otsailaren 18a

Euskal Herriko Sokatira Txapelketan jardunaldi berria bat jokatu zen larunbatean Berrizen, Bizkaian. Ibartarrak ez ziren fin ibili, eta emakume nahiz gizonezkoek lehen postuak urrun izan zituzten.

Gizonezkoak 600 kilotan lehiatu ziren, bigarren jardunaldian. Hurrengoa finala izango da. Aurreko bi jardunaldietako puntuek ez dute balioko, beraz. Berrizen Beti-Gaztekoak nagusitu ziren, 7 punturekin. Bigarren Ñapurrak sailkatu zen, 6 punturekin. Gaztedi eta Muruetak 4,5 lortu zituzten eta Ibarrak, bosgarren, 3 puntu. Berriozar eta Antsoain geratu ziren atzetik, bi puntu eta bakarrarekin. Jardunaldi erabakigarria, finala, otsailaren 23an jokatuko dute Txurdinagan, Bilbon.

Emakumeak ere lehian ibili ziren Berrizen, 500 kilotan. Lehen jardunaldiko tiraldiak izan ziren eta Gaztedi izan zen indartsuena, 6 punturekin. Jarraian, Badaiotz (5), Txantrea (4), Beti-Gazte (3), Ibarra (2) eta Antsoain (1) sailkatu ziren. Bigarren jardunaldia larunbatean jokatuko da, eta ibartarrek puntu gehiago pilatzen saiatu beharko dute; emakumeetan ez da finala jokatzen, hiru jardunalditan bildutako puntuak batzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!